Guraso Elkartean 13 urtean egindako "ekarpena" eskertzeko omenaldia egin diote Iñako Gurrutxagari

Aitziber Basauri 2018ko eka. 1a, 20:51

13 urtean Maiztegi eskolako Guraso Elkartean egindako lana eskertu diote Iñako Gurrutxagari gaur egin dioten omenaldiarekin. Banango zaharra eskaini diote Maiztegiko bost ikaslek, tartean, alaba eta Gorka Lazkanok idatzitako bertsoak abestu dizkiote. Txapela ere oparitu diote Guraso Elkarteko bere kideek.

Guraso Elkartean ez ezik, kontseiluan eta ikastetxean ere bai "oso sartuta" egon da azken 13 urtean Iñako Gurrutxaga, "beti laguntzeko prest", Maiztegiko Guraso Elkarteko kide den Edurne Berasaluzek nabarmendu duenez. "Oso hurbileko" pertsona dela gaineratu du eta Guraso Elkarteko "zati inportantea". Dioenez, "askok egin dute lan handia Guraso Elkartean, eta lan garrantzitsua. Hala ere, Iñakoren ekarpena oso inportantea izan da, pauso bat aurrerago joan da beti, antolatutako guztiari buelta bat gehiago eman izan dio". 

Azken urteetan Maiztegiko Guraso Elkartean eta Juan Orobiogoitiakoan, bietan, parte hartu du. Juan Orobiogoituan jarraituko du, baina Maiztegirekin hartu-emanean jarraituko duenaren zalantzarik ez du Berasaluzek.

Ikasturte bukaerako jaialdian egin diote omenaldia Gurrutxagari. Aurretik, Guraso Elkartean parte hartzeak duen garrantziaz sentsibilizatu guran bideo-emanaldia eskaini dute. Guraso Elkarteko hainbat kide igon dira oholtzara Gurrutxagagaz batera. Ekitaldia amaituta urte bukaerako afaria egin dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!