Pentsio duinak aldarrikatzeko elkarretaratzeak hasi dituzte Iurretan

Aitziber Basauri 2018ko mar. 5a, 13:05

Pentsio duinak aldarrikatzeko ehundik gora lagun elkartu dira, gaur eguerdian, Askondo kalean. Pentsioak %0,25 bakarrik igotzea "lotsagarria" eta "adarjotzea" dela salatu dute, eta pentsiodun askok bizi duten "egoera larria" nabarmendu. Astelehenero egingo dute elkarretaratzea Askondon 12:00etan.

Hamabost minutuko elkarretaratzeak egingo dituzte pentsiodunek, astelehenero. Hala ere, deialdia herritar guztiei irekitakoa dela nabarmendu dute. "Lotsagarria da pentsioak %0,25 igotzea, baina gazteen egoera ez da hobea. Baliteke pentsiorik ez izatea", azaldu du Maripi Mintegiak. Horregatik parte hartzera deitu dituzte gazteak ere, "gaiak zuzenean eragiten die-eta".

Errespetu falta handia da Mintegiaren berbetan pentsioekin egin dutena, eta emakumeek eta alargunek, bereziki, bizi duten egoera "latza" azpimarratu du. "Senarraren jubilazioaren %52a baino ez dute jasotzen alargunek. Alargun geratu dira, baina, ohiko gastuak berdinak dira". Nabarmendu duenez, "etxe askotan larritasun itzela ari dira jasaten".

Protesta ekintza antolatzeko batzordea ere sortu dute gaur Iurretan batutako pentsiodunen artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!