Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, Iurretan zabaldutako honegaz, zazpi supermerkatu ditu Aldik, gaur egun. Zabalkuntza arduraduna den Ander Arzubiaren berbetan, "produktuen kalitatea, prezio ezinhobean" eskaintzen du Aldik, eta jendearen harrera ona izatea espero dute. "Gainera, Durangaldetik haratago doa gure eragin eremua". Iurreta aukeratu dute supermerkatua zabaltzeko kokapenari dagokionez leku estrategikoa delako.
Saltokiak 1.200 metro koadro ditu eta 1.500 produkturen artean aukeratu dezake hurbilduko den kontsumitzaileak. Arzubiak gogoratu du herrialdeko produktuekin eta produktu ekologikoekin lan egiten duela Aldik. " Erosketa ekologiko osoa egiteko aukera du etorriko den erosleak". Supermerkatua 09:30etik 21:30era dago zabalik. Gaur irekiera eguna dela-eta bertako produktuak dituen poltsa bat banatuko dute 20 eurotik gorako erosketa egiten duten kontsumitzaileen artean. "Era berean, 10 produktu fresko prezio oso berezian jarri ditugu salgai". Aldik marka propioa ere badu salgai, "maila bakoitzari egokituta marka propioa dugu; guztira Aldi markako 120 erreferentzi daude saltokian".
Momentuz ez du salmenta online eskaintzen, baina aukera hori aztertzen ari direla onartu dute.