Ikasketa bidaiarako dirua lortzeko moda desfilea egingo dute Olaburu frontoian

Aitziber Basauri 2017ko aza. 27a, 16:20

Negu honetarako moda ikusteko aukera dute iurretarrek abenduaren 1ean. Ez hori bakarrik. Gabon zahar gauerako edo ezkontzetarako erakustaldiak ere eskainiko dituzte Juan Orobiogoitia ikastetxeko 13 eta 16 urte arteko 56 ikaslek.

Ikasketa bidaiarako dirua lortzeko antolatu duten moda desfilea Olaburu frontoian egingo dute. 20:00etan hasiko da desfilea, baina ateak ordu erdi lehenago egongo dira zabalik. Nagusiek hiru euro ordainduko dute, eta adin txikikoek euro bat eta erdi. Sei urte arteko umeak doan sartu daitezke.

Lehenengoz egingo dute moda desfilea Juan Orobiogoitiako ikasleek, eta harrera ona espero dute. Inoiz modelo lanetan ibili gabeak direla aitortu dute Iker Martinek, Leire Etxanok, Paula Iriondok, Imanol Blancok eta Corinne Tinocok. Guztiak prestaketa lanetan murgilduta daude azken bi hilabeteetan, Peru Zabala, Izaskun Ortiz de Zarate eta Saioa Ochoagaz batera. Urduri dauden galdetuta, desberdinak dira erantzunak. Lotsarik ez zaie nabari batzuei, nabarmena da urduritasuna besteen artean. Diotenez, antzera batean animatu dira pasarelara igotzen, mutil zein neska, eta jende asko joatea espero dute denek. Desfilea antolatzeko, Dendak Bai elkartearen laguntza izan dute, eta Durangoko sei dendek utziko dizkiete arropak.

Bederatzi moda erakustaldi egingo dituzte, baina gimnastika erritmikoa eta musika klasikoa ere tartekatuko dituzte; abeslari bat ere egongo da. Taberna egongo da, eta pintxoak, salda, txokolatea eta bizkotxoak ere salduko dituzte. Erositako sarrerekin zozketa egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!