Uztailean gertatutako lan istripu "larria" nabarmendu dute Smurfiteko Enpresa Batzordeko kideek. "Laneko bajagaz eta egoera larrian dago oraindik orduan zauritutako langilea eta horri bestelako lan istripu segida gehitiu behar zaizkio". Istripu horiek "saihestu" daitezkeela uste dute sindikatuetako ordezkariek. Neurri zuzentzaileak ezartzerako orduan "hutsuneak" daudela kritikatu dute.
Horregaz batera, enpresan izandako azken kaleratzeak salatu dituzte. "Irizpide objektiborik gabekoak, eta, tratu malkartsu eta diskriminatzailea emanez" gauzatu direnak. Joan zen maiatzean eman zen eta oraindik argitu gabe dagoen kaleratze "traumatikoa" aipatu dute sindikatuek. "Kontratua eten dio enpresak langile horri, gure ustez modu iruzurrezkoan". Gaineratu dutenez, "zigortu gura diren gertaerak ez ziren lan eremuan gertatu eta kaleratu baino lehen enpresak bazuen aukerarik beste bide bat hartzeko". Irailean izandako beste kaleratze bat ere salatu dute sinidikatuek.
Smurfiten ustez "desakordio" bat dago
Smurfiteko ordezkariek adierazi dutenez, probaldia gainditu ez zuela-eta kaleratu zuten langile bat irailean eta maiatzeko kaleratzea argitzeko ahozko bista laster abiatuko dela ere diote.
Era berean, uztailean izandako istripuaren ondotik, ikerketa "zorrotza" egin zela azaldu dute Smurfiteko ordezkariek: "Gertatu zena ikertzeko eta beharrezko neurri zuzentzaileak jartzeko ardura hartu genuen, berriro ez dadin gertatu". Udan bigarren lan istripu bat ere egon zela aitortu dute. "Langile harek sorbaldan hartu zuen mina, baina ez zuen laneko bajarik hartu, praxi txar baten eraginez gertatu zen". Enpresak dio gertakariak eman direla bai, "baina sindikatuen esanak ez dator bat errealitatearekin".
Azpikontratatutako lana
Bestalde, ELA eta LABek gogoratu dute Smurfitek zazpi enpresa dituela azpikontratatuta "enpresaren egiturazko lanak betetzeko". Egoera hori salatu zuten Lan Ikuskaritzan martxoan, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. "Egoera horrek 35 bat langilerengan eragiten du".