Iurretako plazako lokal bat salgai jarriko du udalak, kafetegi bat zabaltzeko

Anboto 2017ko urr. 23a, 14:16

Elixale auzoan 140 metro karratuko azalera duen lokal bat jarriko du salgai Iurretako Udalak, bertan kafetegi bat jartzeko. Gizarte-jarduera sortzea eta Aita San Migel plaza inguru horretan jendea egotea du helburu egitasmoak. Lizitazioaren oinarrizko prezioa 118.830 euro da (BEZ kanpo).

Aipatutako helburu hori betetzeko adjudikaziodunak jolas eta gizarte erabilerarako ekipamendua jarri beharko du. Hau da, kafetegi edo taberna bat.

Lokalean garatu nahi den jarduera-lizentzia eskatzeko gehieneko epea bi urtekoa izango da. Era berean, lokalean egingo den jarduera abiarazteko epea hiru urtekoa izango da gehienez ere.

Ohar baten bitartez Inaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, plaza "erakargarriagoa" izatea lortu gura dute, "giro hobeagoa edukitzea eta herria gehiago kohesionatzea ". Uste dute herriarentzat "interesgarria" izan daitekeela kafetegi edo taberna bat, "inguru horretan daude-eta eliza, udaletxea eta pilotalekua". Gaineratu dutenez, "oso hurbil dago hezkuntza-eskaintza guztia, eta oraingoz ez daukagu mota horretako inolako lokalik bertan. Bestalde, aukera erakargarria iruditzen zaigu inguru historiko, eder eta lasai batean ostalaritza-jarduera bat garatu nahi duen edonorentzat".

Udal arduradunek jakine eragin dutenez, proiektuak udalaren enpresa- eta merkataritza-proiektuen lehiaketatik onura ateratzeko aukera izango du; izan ere, lehiaketaren helburua Iurretan bertan enpresa berriak sortzea bultzatzea da. Deialdi honetan parte hartuko duten proiektuek, hautatuak izanez gero, 6.000 euroko saria jaso ahalko dute eskudirutan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!