Datorren urtean ere ez dituzte zerga eta tasak igoko Iurretan

Aitziber Basauri 2017ko ira. 28a, 10:23
Argazkia: Lehior Elorriaga

Familiako kide kopuruaren eta  familia horren diru sarreren arabera izango dute tarifa murrituz kultur tailerretan iurretarrek. Orain arte, 1.300 eurotik beherako diru sarrerak zituzten jubilatu eta langabetuek baino ez zuten aukerarik deskontu hori eskatzeko. Hori da ordenantza fiskaletan egongo den aldaketa nagusia. EHBilduk egindako proposamena" bidezkoa" iruditu zaio EAJri eta 2018rako zerga eta tasen proposamenean jaso du.

Horrezaz gain, ibilgailu historikoaren kalifikazioa duten autoek  %50eko hobaria izango dute trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan. Orain arten, 30 urte baino gehiago zituzten ibilgailuen izan dute hobari hori, ibilgailu historikoaren kalifikazioa izan edo ez.

Gainerakoan, beherean mantenduko ditu udalak zerga eta tasak 2018an. Iñaki Totorikaguena alkateak gogoratu duen moduan hirugarren urtea da Iurretako Udalak zerga eta tasak berean mantentzen dituela: "Momentuz aukera dugu presio fiskal horri eusteko eta ez dugu zerga eta tasak igotzeko premiarik ikusten". Ildo beretik hitz egin du EHBilduko Liher Aiartzaguenak ere. "Bizi dugun sasoian eta diru-iturriek horretarako aukera ematen duten bitartean zerga eta tasak berean mantentzea uste dugu dela egokiena".

Aho batez onartu zituen atzo 2018rako zerga eta tasak Iurretako udalbatzarrak. 

Ibarretxe kultur etxerako eta Olaburu frontoirako araudiak

Bestalde, Ibarretxe kultur etxearen eta Olaburu frontoiaren erabilerarako barne araudiak onartu dituzte behin betiko. Oinarrizko araudi bat da Totorikaguenak azaldu duenez. "Orain arte ez da egon azpiegitura horien erabilera arautzen zuen inolako araudirik eta garrantzitsua iruditu zaigu ordenantzak lotzea". Aho batez onartu dituzte araudi biak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!