Eskolara buelta. Umetan sasoi konplikatua izaten da seme-alaba askorentzat.
Ez da egoera erosoa, ez umeentzat, ezta gurasoentzat ere, batez ere ume txikien kasuan. Gurasoek jakin gura dute nor izango den irakaslea, zein klasetan egongo diren… Guraso batzuen aldetik gainbabeserako joera ematen da. Kasu horietan, umeen balizko sufrimendua euren gain hartzen dute. Umeek igarri egiten diete ohiko ez den zerbait dutena eta, zelanbait esanda, gurasoek ezinegon hori transmititu egiten diete umeei. Umeek “baina, nora bidali behar naute ni?”, pentsatzen dute.
Udan, oporretan dauden egunetan, zer lanketa egin daiteke eurekin eskolara buelta apur bat leuntzeko?
Oporretatik ikasturterako saltoa bat-batekoa gertatu ez dakien, errutinara ohitzen joateko, aurrelanketa egitea komenigarria da. Esaterako, ohetik 10:00etan jaiki beharrean, apurka ordua aurreratzen joatea. Errutina egoki bat ikasturterako liburu berriak erostera umeekin batera joatea da. Eta, ondoren, liburuei estalkia jartzen badiete, hori ere elkarregaz egitea komeni da, eta ez amak edo aitak bakarrik. Beste aukera bat eskola ingurutik paseatzea da. Horixe bakarrik, han ingurutik ibiltzea eta ikusi dezatela eskola. Hau da, eskola etxeko bizitzara lotzen saiatu behar da. Ez dadila izan etxea gauza bat eta eskola beste bat, elkarregaz batere loturarik ez dutenak. Normala den pauso bat dela sentitu behar dute. Hori sentitzea lagungarri zaie.
Igerilekura joatea, egun-pasak… oporrekin lotzen dituzten ekintzekin egun batzuetan jarraitzea komeni da?
Bai, aldaketa progresiboa izan dadin, komenigarria da. Ahal bada, udako ekintzekin jarraitzea egokia da. Igerilekura joatea, etxe ondoan jolastea edo bizikletan ibiltzea… Ume bakoitzak gustuko duena.
Eskolara joatean umeek negar egitea modu naturalagoan hartu beharko lukete gurasoek? Hau da, bizitzako esperientzia berri bat dela ulertuz?
Ume batzuei estura sortzen die eskolara joateak, eta sentimendu hori negar eginez kanporatzen dute. Eta, normala den moduan, gurasoak estutu egiten dira euren seme-alabak negarrez ikusita. Elkarren estura elikatzen dute sarritan. Baina, irakasleek esanda, eta nik neuk ikusita, askotan bost minutuko prozesu bat izaten da. Normalean, umeak eskolara sartzean segituan egiten dira klaseko dinamikara. Beti egongo da gehiago kostatuko zaionen bat, baina ez da ohikoena. Umeek negar egitea gehiago izaten da une horretan arreta deitzeko modu bat. Bost-hamar minutuko kontua. Hori horrela gertatu dadin, gurasoek ere badute euren erantzukizuna.
Normaltasuna transmititzea garrantzitsua da.
Bai, hori garrantzitsua da eta baita lagungarriak ez diren esaerak baztertzea ere. Hau da, “eskolan hasten zarenean, orduan ikusiko duzu, bai!” moduko gauzak esatea ekidin egin behar da. Izan ere, antzerako gauzak entzunda, eskola kartzela bat den irudia egiten dute umeek. Edo umeak hau edo bestea egin duelako kokoteraino daudenean, “umea eskolan hasteko zelako gogoa daukadan!”, esan dezakete guraso batzuek. Eta, jakina, umeak ez dira gorrak, entzun egiten dute eta euren ondorioak ateratzen hasten dira. Horrelako gauzak moztu egin behar dira euren buruan sortu daitekeen irudi txar hori ekiditeko.
Sindrome amankomunez gainera, ume bakoitza mundu bat da. Eta umeak diren heinean, beharbada ez da erraza izango barruan duten ezinegonaren zergatia deskubritzea. Psikologoentzat erronka bat da?
Umeak txarto sentitzen dela esango dizu. Hau da, normalean ez dute euren sentimenduak bereizten jakiten. Sentitzen dutenaren arrazoiak ematea zaila da eurentzat. Sarritan, esaten dutenetik baino informazio gehiago atera daiteke euren jarreratik edo egiten dituzten keinu zein mugimenduetatik. Behatzaileak ere izan behar dugu. Bere buru barruan ezin gara sartu, baina zer egiten duen ikusi eta ondorioak atera ditzakegu. Informazio baliagarria lortu daiteke portaerak aztertuta. Ume bat isil-
isilik geratuko da, beste bati keinu agresiboak nabarituko zaizkio… Horrez gainera, gurasoei galdetzen diet, eta baita irakasleei ere. Izan ere, egunean ordu asko ematen dituzte eskolan eta irakasleen informazioa oso baliagarria izan daiteke.
Koskortzen diren heinean, etxeko lanekin eta eskolaz kanpoko ekintzekin hasten dira umeak. Alderdi asko zabalik. Estimulu larregi kaltegarria izan daiteke?
Iritzi desberdinak daude. Lehen, ‘jolas’ moduan ezagutzen duguna gehiago ematen zen. Hau da, lagunekin kalera irtetea, parkera joatea eta jolastea. Orain arautuago dago dena. Pilotan hasten badira, irakasle bat dute eta arau batzuk dituzte. Umeek eskolaz kanpoko ekintzak jolas moduan ikusten dituzten heinean ondo daude. Aldi berean, asko pilatzen badira, orduan bihurtu daiteke arazo. Baina, oro har, gaztetxoen irudimena edo dohainak garatzeko aproposak izan daitezke. Ume bati marraztea gustatzen bazaio, gustura joango da pintura akademia batera. Ez da berdina etxean bakarrik pintatzea edo afizio hori partekatzen duen beste batzuekin egitea. Kasu horretan, umea pozago ibili daiteke akademia batean. Neurrian dago gakoa.
Aditu batzuek diote gaztetxoek euren kontura jolasteak, pertsona nagusirik eta araurik barik, laguntzen duela gizarte harremanetarako mekanismoak lantzen. Zer galtzen ari gara bidean?
Denborak aldatu egiten dira. Lehen kalean jolasten zen, baina ez hori bakarrik. Ez zegoen mugikorrik, ez zegoen WhatasApp talderik eta horrek ahalbidetzen duen harreman modurik. Ikusi izan ditut gaztetxoak parkean jesarrita, jolasteko hamaika osagaiz inguratuta, baina nor bere mugikorrean zentratuta. Baina, aldi berean, gaztetxoak kalean jolasten ere ikusten ditut, futbolean, saskibaloian, parkean… Beharbada ez da hain diferentea ere. Batera zein bestera, garaiak aldatzen joaten dira eta ezin dugu beti sasoiak konparatzen ibili. Gure gurasoek ere esango zuten euren denboretan bizimodua diferentea zela. Belaunaldiz belaunaldi munduak aldatzen jarraituko du, eta orain mugikorragaz dabiltzan horiek egoera berean egongo dira euren seme-alabekin hemendik urte batzuetara. Hori horrela da eta ez dago, ez ondo, ez txarto. Desberdina da. Ezin diogu gaztetxo bati esan ez diogula mugikorrik emango. Ez baitute beste mundurik ezagutzen. Gu bai, gu egoera batetik besterako garapenaren lekuko izan gara, baina eurak ez. Eurentzat gure denborak oso antzinakoak dira eta ezin dute imajinatu zer ziren. Orain kaniketan jolastuko lirateke horretarako aukera emanez gero? Nobedade moduan orduerdian ibili eta, ostean, seguruenik eurek ezagutzen dutenera itzuliko lirateke.
Zu aita zara. Psikologoarentzat errazagoa da aholkuak ematea norberak aplikatzea baino?
Bai (barreak). Gauza bat aholkuak ematea da eta beste bat hori etxean martxan jartzea. Azkenean, psikologoa laguntza bat da, aholkuak ematen ditu, badakigu zerk funtzionatu dezakeen eta zerk ez, eta gidari lana egin dezake, baina eguneroko lana gurasoek egiten dute. Liburuek arazo bakoitzerako tratamenduak jasotzen dituzte eta guk badakizkigu horiek guztiak. Baina, jakina, gero horiek aplikatu egin behar dira eta ume bakoitza mundu bat da. Markelegaz egon behar duzu, edo Anegaz. Gurasoentzat beren seme-alabak dira behinenak. Psikologo batek sindrome bat edo desoreka bat ikusiko du; guraso batentzat bere seme-alaben bizitza eta zoriontasuna daude jokoan. Egoera edo ikuspuntua aldatu egiten da gurasoa zarenean.