Herriko toki adierazgarrien irudia duten katiluak oparituko dituzte

Aitziber Basauri 2017ko ira. 7a, 14:19

Herriko komertzioetan erostea bultzatu guran kanpaina berria jarriko du martxan Iurretako Udalak Dendak bai merkatari elkarteagaz batera. Herriko establezimenduetan 30 eurotik gorako erosketa egiten duten pertsonen artean Iurretako leku adierazgarrien argazkia duten katiluak banatuko dituzte. 100 euroko erosketa balea ere egingo dute zotz.

Ekimen berri honen helburu da baita bezeroa "saritzea" eta  fidelizatu ahal izatea, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez. Diseinuzko poltsak oparitu zituzten azken kanpainan, eta hark izandako erantzun ona errepikatzea espero du Dendak Bai-ko presidentea den Alex Palaciosek.

Sei katiluko bilduma da kanpaina honetara prestatu dena. Iurretako sei toki esanguratsuren —Arripausuetako bi irudi, Iurretako eleizaldeko bat, San Andres auzoko beste bat, Maspe kaleko bat eta Goiuriarako bideko seigarren bat— argazkiak erabili dituzte serigrafia egiteko, eta horretarako Gerediaga elkartearen laguntza izan dute. Irudi bakoitzagaz 100 katilu oparituko dituzte, amaitu artean. Totorikaguenak argitu duenez, "hamabostaldi bakoitzean sei katilu horietako bat oparituko da eta herritar bakoitzak bat bakarrik hartu ahal izango du. Hurrengo hamabostaldian berriro izango luke aukera. Bilduma osatzeko aukera egongo da".

Irailaren 15etik abenduaren 15era luzatuko da ekimena, eta erosketa txartelak aurkeztu dituzten guztien artean 100 euroko erosketa-balea egingo dute zotz abenduaren 22an. Udaletxean izango da zozketa. Txartelak udaletxean aurkeztu behar dira, Bidebarrietako udal bulegoa zabaldu bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!