Nagusien Bidelagun proiekturako 3.000 euro eman ditu Smurfiteko langile talde batek

Anboto 2017ko eka. 28a, 16:04
Smurfit Kappa Nervion enpresan egin dute saria emateko ekitaldia

Smurfiteko behargin horiek 3.000 euro jaso dituzte enpresaren eskutik iazko lanaren aitortza modura, eta sari hori Nagusien Bidelagun proiekturako dohaintzan ematea erabaki dute. Iurretako Udalak Bizkaiko Gurutze Gorriarekin lankidetzan abiatutako proiektua da, boluntariotza bidez pertsona nagusiei laguntasuna ematen diena.

Nagusien Bidelagun egitasmoaren helburua da pertsona nagusiak euren ohiko ingurunean jarraitzea, euren autonomia pertsonala erraztea, eta isolamendua eta bakardadea saihestea. Baita pertsona horien familien bizitza kalitatea hobetzea ere. 

Ekitaldian izan dira Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta Elsa Lopez Bizkaiko Gurutze Gorriko gizarteratze zuzendaria ere bai. Smurfit Kappa Nervion enpresaren ordezkari moduan, saritutako taldeen ordezkaritza zabala eta enpresako zuzendaritza taldeko kideak egon dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!