Parte-hartzaileak bi orduz aritu ziren kontu-kontari. Bost mahaitan antolatuta eta world kafe metodologiaren laguntzagaz euskaraz eta euskarari buruz jardun zuten. ElHuyar Aholkularitzako teknikariek bideratu zuten saioa, Euskararen Aholku Batzordeko kideen laguntzarekin.
Hiru gai izan zituzten mintzagai. Batetik, euskararekin duten harremana izan zuten berbagai, eta harreman horrek nolako etorkizuna izango duen ere aztertu zuten. Bakoitzaren bizipenak eta esperientzia pertsonalak kontatu zituzten. Bestetik, honako galdera honi erantzun behar izan zioten: Euskaraz bizi nahi dute. Iurretan posible da?. Gometxen bidez gune euskaldunak eta erdaldunak identifikatu zituzten, eta Iurretan euskaraz bizitzea posible dela ondorioztatu zuten, "gabezia asko" ikusi arren. "Erakunde eta komertzioen egoera ona da, baina, kalean nahiko genukeena baino erdara gehiago entzuten da, baita euskaldunen artean ere", antolatzaileek ohar baten bitartez azaldu dutenez. Gaineratu dutenez, "auzuneetan erdigunean baino errazagoa da euskaraz berba egitea". Herritarrek uste dute gazteak motibatu behar direla euskara erabil dezaten.
Azkenik, euskarara erakartzeko mezuak proposatu zituzten Mintzopotean parte hartu zutenek: Erdu euskarara, gure altxorrik preziatuena, Erdu eta eineik/n euskaraz!, Nik ulertzen badizut, zergaitik ez didazu euskaraz hitz egiten? edo Euskara: mundu zabal honetan desberdintasunak aberasten gaituelako.
Saioa baloratzeko loreak sortu zituzten mintzopotekideek eta honelako berbak jaso zituzten petaloetan: atsegina, freskagarria, ausarta, gustura, aberasgarria, etorkizuna...