Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearen aurkako jarrera berretsi du Iurretako Udalak

Anboto 2017ko mar. 30a, 13:22

Gueñes eta Itsasoko azpiestazioak lotzeko helburua duen 400 kv-ko linea elektrikoaren proiektuaren aurkako jarrera agertu du Iurretako Udalak, EAJk eta EHBilduk adostutako mozioa onartuta. Udalbatzarrak 2011ko martxoan ere agertu zuen azpiegitura horren kontrako jarrera, eta proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu zituen udalak. Guzti horrekin bat egin dute atzoko udalbatzarrean onartutako mozioan.

Hartara, "udalak modu aktiboan adieraziko du egitasmoaren aurka dagoela eta legezko esparruaren barruan beharrezkoak diren ekintza eta alegazio guztiak egingo ditu gure udalerriaren interesak defendatzen aldera", idatziak dioen moduan.

Era berean, inplikatutako gainerako erakundeei eskatu nahi die proiektu horren kontra agertzeko; "izan ere, ez dauka justifikazio nahikorik eta onartezinak dira eragingo lituzkeen kalteak, osasunaren, ingurumenaren, gizartearen, paisaiaren nahiz ekonomiaren ikuspuntutik". Gobernu Zentraeko Ingurumen Ministerioari, Eusko Legebiltzarrari, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei jakinaraziko die hartutako jarrera, azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!