Hitzarmenak urteko lehenengo hiruhilekoan sinatuko dira. Hau da, martxoak 31a baino lehen, horrela, eskaera egiten duten elkarteek ahalik eta arinen jasoko dute 2017. urterako esleitutako aurrekontuko diru-atala eta jarduerak garatu ahal izango dituzte. Horrela azaldu dute udal arduradunek, ohar baten bitartez. Ondoren, eta urtea amaitu baino lehen, justifikatu eta likidatu egingo dira.
Udalak, halaber, elkarteen esku jarriko ditu helburuak lortzeko behar dituzten azpiegitura eta baliabide material guztiak. Herriko elkarte horietako hamahiruk Goiuria kulturgunean dute egoitza. Bilerak egiteko, biltegi moduan, eta beste hainbat jardueratarako erabiltzen dituztela esan dute udal ordezkariek. Beste elkarte batzuek udalak herriak dituen bestelako lokal batzuk erabiltzen dituztela gaineratu dute.
“Elkarteek egiten duten lana ordainezina dela uste dut, eta behar-beharrezkoa; hori dela eta, udalak ahalegin handia egiten du, ez bakarrik ekonomikoki, baita beste eremu batzuetan ere. Besteak beste, estaldura eta azpiegiturak eskaintzen ditu, Goiuria Kultur Gunea eta beste lokal batzuk elkarteen esku jartzen ditu jarduerak egiteko, eta elkarteei laguntzeko prest agertzen da beti, ahal duen neurrian”, esan du Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak.