Amaitu dute Bernako zubia eraikitzen

Aitziber Basauri 2017ko mar. 21a, 10:00

Iñaki Totorikaguena eta Andoni Agirrebeitia, hurrenez hurren, Iurreta eta Zornotzako alkateak.

Iurreta eta Zornotza lotzen dituen Fauste auzorako sarbidea den Bernako zubia eraikitzeko lanak amaitu dituzte. Ohar baten bitartez azaldu dutenez, 155.000 euroko inbertsioa eskatu dute lanek eta zazpi aste behar izan dituzte amaitzeko. Abuztuan udalerri biek lankidetza hitzarmena sinatu zuten zubia eraikitzeko lanak gauzatzeko.

Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak azaldu duenez, "premiazko obra zen aurreko zubia oso egoera txarrean zegoelako. Sarbideaz gain erreka ingurua ere atondu da, uberka hobetu". Zornotzako alkate Andoni Agirrebeitiak, berriz, udalerri bien arteko lankidetzaren "garrantzia" azpimarratu du. Bere berbetan, "bi herrien arteko komunikazioa hobetzeko ezinbestekoa da".

Zubia amaituta ikusteko bertora hurbildu dira Totorikaguena eta Agirrebeitia. Zazpi aste behar izan dituzte lanak bukatzeko eta 155.365 euroko inbertsioa egin da. Udal bakoitzak aurrekontuaren erdiari egin dio aurre. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere izan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!