Domekan, 12:30ean, Iurretako elizan egingo dute Durangaldeko 62. Txistulari eguneko ekitaldi nagusia. Hamar pieza eskainiko dituzte txistulariek eta Iurretako abesbatzak, elkarregaz. Eleder Iturrietaren zuzendaritzapean jardungo dira txistulariak, eta Antton Mari Aldekoa-Otalora arduratuko da abesbatza zuzentzeaz. Kontzertu horren ostean, Erregelak eskainiko dituzte Iurretako dantzariek, plazan.
Durangaldeko txistulari egunaren oihartzuna goizean goizetik entzungo da, martxoaren 19an, Iurretan. 10:00etan, Montoiko zubitik elizaraino burutuko duten kalejiran, Ijurretan badago, Gora eta Elizondo piezak joko dituzte.
Durangaldeko herri guztietako txistulariak elkartuko dira urteroko zita horretan, eta baita Gasteiztik, Bilbotik edo Ondarroatik etorritakoak ere.
1956. urtean, Abadiñon ospatu zuten Durangaldeko txistulari eguna lehenengoz, eta ordutik, urtero eskualdeko herri batean elkartu dira egun hori lagun artean ospatzeko. Domeka honetakoa ez da Durangaldeko txistulari eguna Iurretan ospatzen duten lehenengo aldia. Beste bi aldiz ere elkartu dira txistulari egunez herri horretan.