Gazteen behar eta nahiak ezagutzeko proposamena abiatu dute

Aitziber Basauri 2017ko mar. 14a, 13:15

IU! Gazte, Iurretako gazteria zerbitzua definitzeko prozesua abiatu du Iurretako Udalak. Herriko 12 eta 16 urte arteko gazteen behar eta nahiak detektatu, eta "hauei erantzuteko ekintza eta baliabide aproposenak" landuko dituzte prozesu horretan. 2017ko udal aurrekontuan 10.000 euroko diru-atala dute lotuta horretarako.

Hainbat fasetan banatutako parte hartze prozesua da martxan jarritakoa. Otsailean hasi zuten Ikertu izeneko lehenengo fasea. "Iurretako errealitatea ondo ezagutzeko, elkarrizketak egin dira herriko agente ugarigaz: gazteak, guraso elkarteak, kirol elkarteak, aisialdi elkarteak, kultur etxeko langileak... Horretan jarraituko dute martxoan ere bai.

Tailerrak antolatuko dituzte

Sortu izeneko bigarren fasea, maiatza bitartean luzatuko da. Gazteekin lan egiteko bi tailer antolatu dituzte fase horri begira. Zer behar dugu? Nola eta zein baliabiderekin erantzungo diegu? lako galderei erantzungo die adierazi dutenez. Aldi berean, Gazteria Zerbitzuen inguruko ideiak landuko dira baita Kultur Etxeko langileekin. Lehenengo tailerra martxoaren 24an ospatuko da Ibarretxe Kultur Etxean 17:30ean. 12 eta 15 urte bitarteko gazteei bideratua egongo da. Bigarren tailerra martxoaren 31n izango da 16 eta 18 urte bitarteko gazteekin, 17:30ean Ibarretxe Kultur Etxean.

Eratorritako ideietatik maiatzean zehar gauzatuko diren bi ekintza zehaztuko dira. Hartara, "ideak praktikan jarri, eta hauen egokitasuna frogatu ahal izateko", argitu dutenez.

Hirugarren eta azken fasean definitu egingo dute zerbitzua eta maiatzaren zehar landuko da. Garatu beharreko Gazteria Zerbitzuaren lan ildoak eta eman beharreko pausuak zehaztuko dira.  

Tailerretan eta prozesuan parte hartzeko edota ideiak emateko kultur-etxea@iurreta.eus helbidera idatzi beharko dute Eta zuk, ze ideia dituzu? galderari erantzuna emanez.

 



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!