Apirilaren hasieran amaituko dituzte lanak, Iñaki Totorikaguena alkateak argitu duenez: “Lanek itxura ona dute eta obra amaitzeko gogoz eta ilusioz gaude”. Kalearen itxura guztiz aldatuko duen lanotarako 480.000 euroko inbertsioa egingo du Iurretako Udalak.
Askondo kalean berriztu dituzten 850 metro koadroetatik 350 estali egingo dituzte, luzeran 30 metro eta zabaleran 12 metro dituen aterpeagaz. Ekitaldi edo momentu jakin batzuetan alboetatik ixteko aukera ere egongo dela diote udal arduradunek.
Gune horretan ur-zurrustak egongo dira, udarako edo bero egiten duen egunetarako, eta Dantzari auzuneko etxebizitzen horma batean eskalada-horma “txiki” bat jarriko dute, “umeek jolasteko”, argitu dutenez.