‘Sarean Sun Sun’ eta elkarteekin elkarlana, euskara sustatzeko

Aitziber Basauri 2017ko ots. 24a, 11:00
Zorione Fundazuri, Ainara Luzarreta eta Justo Alberdi, atzo, Ibarretxe kultur etxean egindako prentsaurrekoaren ostean.

Euskararen erabilera bultzatzeko, hainbat ekimen jarriko ditu martxan, aurten, Iurretako Udalak. Horretarako, Euskararen Aholku Batzordearen eta Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izan du. Aurkezturiko ekimenen artean daude ‘Sarean Sun Sun’ lehiaketa eta herriko elkarteekin abiatuko duten elkarlana.

Teknologia berrietan euskararen erabilera indartu gura du ‘Sarean Sun Sun’ lehiaketak: Iurretako bitxikerien inguruan galdera bat botako dute hilero sare sozialen bitartez —Whatsapp, Facebook, Twitter...— , eta asmatzen dutenen artean 50 euroko txartela egingo dute zotz. Erantzuna 688 825 819 telefono zenbakira bidalita parte hartu dezakete iurretarrek. Martxoaren 1ean abiatuko dute lehiaketa, “ekimen entretenigarria eta gure kultura aberasteko bidea izango delakoan”. Horregaz batera, herriko elkarteekin elkarlana abiatu gura dute. Elkarte bakoitzaren euskararen erabilera-maila neurtu eta hori nola bultzatu zehaztuko dute.

Udal langileek parte hartuko duten Berba-sarea proiektua ere abiatu berri dute. Hizkuntza ohituretan eragin eta euren arteko harremanak euskalduntzea du helburu bi hilabete iraungo duen egitasmoak. Erabilera igo den neurtuko dute gero. Era berean, Udal barneko Euskararen Erabilera Plana ere berriztuko dute: 2018-2020 epealdirako, euskararen erabilera bultzatzeko udalak betebeharreko helburuak zehaztuko dituzte.

Aurten ere egingo dute Mintzopotea, maiatzaren 26an. Oraingoan, euskaldun berri eta euskaldun zaharren arteko sareak eraikitzea dute helburu.Merkatari eta ostalariei euskarriak euskaratzeko laguntza eskaintzen ere jarraituko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!