Gaztelekua sortzeko eskaera egin dute 200 sinaduraren babesagaz

Jone Guenetxea 2017ko ots. 17a, 11:40

Iurretako gazte talde batek gaztelekua sortzeko eskaera egin dio Iurretako Udalari. Eskaera hori idatziz aurkeztu zuten udaletxean, astelehenean. Hamar bat gaztek abian jarritako ekimenagaz bat egin dute 200 herritarrek, dokumentu hori sinatuta.

12-13 urte arteko gazte hauek azaldu dutenez, “negu gorrian gaude, eta ez dugu inon egoteko lekurik”. Izan ere, Ibarretxe kultur etxeko ludotekan 10 urtera arteko gazteek parte hartu dezakete. Adin horretatik gorakoek kalea dute egonleku aisialdiaz gozatzeko. Horregatik, aisialdirako espazio bat gura dute.

Zaldibar, eredu
Ekimenaren bultzatzaileek DBH ikasten dute Orobiogoitia ikastetxean, eta hainbat zaldibartar dituzte gelakide. Horrela, Zaldibarko gaztelekua ezagutzeko aukera izan dute. Espazio hori gustuko dute, eta antzeko esperientzia bat Iurretan martxan jartzea gurako lukete. Gazte hauen gurasoek diotenez, ludotekan egoteko nagusiak dira, baina herrian aisialdirako espazio falta dute. “Neguko egunetarako, aterpe bat ere ez daukate herrian”, azaldu du guraso batek. Gaineratu duenez, gazteengandik irten da sinadurak batzeko asmoa. “Asko pozten gara beraiek direlako mugitzen ari direnak, gu ondoan gauden arren. Udalagaz berba egiteko ere prest daude, eta guk lagundu egingo diegu”, azpimarratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!