Santa Apolonia Orozketako bideagaz lotzeko lanak martxoan egongo dira prest

Aitziber Basauri 2017ko ots. 13a, 11:57

Santa Apolonian egiten ari diren lanen irudi bat

Santa Apolonia auzoa Orozketarako bidearekin lotzeko lanak hasi ditu Iurretako Udalak. Martxoaren erdialderako amaituko gura dituzten lanotarako 161.469 euroko aurrekontua dute.

Urtarrilean hasi zituzten  Santa Apolonia auzoa Orozketarako bidearekin lotzeko lanak. Izan ere, Santa Apolonian trenbideko pasagunea itxi zutenetik Durangotik baino ezin da sartu auzo horretara, "eta askotan ez da nahiko izaten", prentsa ohar baten bitartez jakin eragin dutenez. Lan horiekin bat

era, Iurreta eta Durango lotzen dituen Arandiako bidegorria ere luzatuko dute, ingurabideko tunelera arte. Guztira, 400 metro gehituko zaizkio bidegorriari, eta argiteria ere hobetuko dute lau kaleargi gehiago jarrita.

Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, "herri moduan ere segida emango digun sarbidea beharrezkoa deritzogu; baita Santa Apoloniako herritarrek behar den moduko sarbide segurua izatea ere". Gaineratu dutenez, "oinezkoek ere asko erabiltzen dute bidea izanik, jarraitutasuna emango diegu ditugun oinezkoen ibilbideei: Durangora eta Iurretatik Orozketara. Baita Amuruagako baserrietaraino ere, gero Arriandiruntz jarraitzeko". 


Lanak Lasuen enpresari esleitu zizkion udalak 161.469 euroko aurrekontuarekin. "Batez ere, Santa Apoloniako auzokoentzat hobekuntza garrantzitsua izango da, gainerako iurretarrei ere eragingo diena", dio Totorikaguenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!