Horretarako Biltzen gizarteratze eta kulturarteko bizikidetzaren euskal zerbitzuaren laguntza izango dute. Komunitate eta erakunde mailan lan egin gura dute, adostutako idatzian jaso dutenez, "jabekideen erkidegoak, komunitate islamikoak eta udalak planteatutako gai guztiei heltzeko".
Talde politiko guztiek konpromisoa hartu dute "edozein esparrutan ager daitezkeen tolerantziarik ezaren jarrerak, edozein motatakoak direla ere, saihesteko eta horien aurka borrokatzeko: bereizkeria, gorrotatzeko akuilatzea edo horren diskurtsoa, areriotasuna eta indarkeria". Udalerri "kohesionatua" izan nahi du Iurretak jaso duten moduan, eta "horrek berekin dakar bertan bizi diren pertsona guztien oinarrizko eskubideak benetan gauzatzen direla bermatzea".
Honako konpromisoak hartu dituzte beragain udal taldeek: "gure jarduketaren ardatza herritarrak eta horien bizikidetza arrunta direla adierazi eta bultzatzea; berdintasunaren eta bereizketa ezaren printzipioak zorrotz errespetatzea, eta, bizikidetzaren eremuetan tolerantziarik ezaren agerpenik dakarren edozein jarrera, portaera edo praktika baztertzea; eta, kolektiboen arteko gorrotoa bultza dezaketen adierazpen eta iritzi politikoekin oso arduratsuak izatea". Erlijio eta kultura aniztasuneko bizikidetzaren ikuspuntutik prozesuak ukitzen dituen jabekideen erkidegoan eta erlijio komunitateen beharrizanei erantzuten dien laguntza prozesua sustatzeko konpromisoa ere hartu dute.
Aste Santurako zabaldu gura dute meskita
Durangaldeko komunitate islamikoari zabaldutako meskita apirilean irekiko dute. "2003-2004an zabaldu genuen meskita Abadiñon, eta, orain, Iurretara etorriko gara. Durangotik eta beste hainbat herritatik gertuago egongo garelakoan. Errezagoa izango da askorentzat meskitara hurbilzea", azaldu dute Achourra elkarteko ordezkariek. Barikuetan batzen da jente gehien gurtza egiteko, baita ramadama lako ospakizun berezietan ere: "100 bat lagun biltzen gara. Astelehenetik ostegunera, berriz, 20 bat inguru. Asteburuan ere jente gutxiago hurbiltzen da.
Bidebarrietan 270 metro koadroko lokala egokitzen ari dira. Gizonezkoentzako eta emakumeentzako errezatzeko tokiak egokituko dituzte, eta bainuak ere bai.