Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, “Udalkutxatik jasotako dirua %4 bajatu da, eta zerga eta tasak lehengoan mantenduko dira datorren urtean. Horrek eragin zuzena izan du inbertsioetan”. Egoera ekonomikoak baldintzatutako aurrekontua “orekatua” dela aitortu du Totorikaguenak.
Kultura zein gizarte ongizaterako oinarri zerbitzuak lehengoan mantenduko dituzte. Baita herritarrei bideratutako diru-laguntza guztiak ere. Hori kontuan hartuta, “diru kopuru potoloa” da inbertsioetarako gordetakoa, Totorikaguena alkatearen berbetan.
Goiurian ur-hornidura sarea
Gouria auzoko ur-hornidura sarea berritatzeko 135.000 euro lotu dituzte; inbertsio atalik potoloena da hori. Era berean, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) lantzen hasteko, 90.000 euro gordeko dituzte. Hasierako dokumentua eta herri-partaidetzarako agiria da datorren urtean egingo dutena. HAPO osatzeko, 3-4 urte beharko dituzte, 275.000 euro inguru eskatuko ditu, alkateak gogoratu duen lez.
Udaletxeko klimatizazio sistema gasoleotik geotermiara pasako dute eta horretarako 85.000 euro lotu dituzte. Maiztegi herri eskolan (50.000 euro), biblioteka berrian (35.000 euro) eta auzoen argiztapena berritzen jarraitzeko (40.000) ere aurreikusi dituzte inbertsioak. Herriko ibilbide sarea gauzatzeko, berriz, 30.000 euro erabiliko dituzte.
Herritarren ekarpenak
Herritarren proposamenak garatzeko, 25.000 euro ere jaso ditu aurrekontuak, EH Bilduk proposatuta. “Faltan ikusi dugu herritarrei galdetzea; dirua zertan erabili erabakitzeko aukera ematea. Ikusteko dago nola joango den, baina, interesgarria deritzogu”, azaldu du Liher Aiartzaguenak. Urte hasieran, herritarren ekarpenak batzeko foroak egitea aurreikusi dute. Beste alde batetik, PSE-EEk proposatuta, baztertze egoeran egon daitezkeen pertsonei bideratutako laneratze eta gizarteratze plana (18.000 euro) ere jaso du aurrekontuak.
EH Bilduko Aiartzaguenaren ustean, “premiei erantzuten” dien aurrekontua da onartutakoa, “ideala ez den arren”. Bere berbetan, “ez dira sasoirik onenak. Egoera ekonomikoak eraginda, urtez-urte jaitsi egin da aurrekontua, eta gauzak egiteko aukerarik ez dago”. Aurrekontua urtea hasi aurretik onartu izana “zoriondu”, eta “guztien lana eskertu” du.