Askondon estalkia jartzeko lanek martxora arte iraungo dute

Aitziber Basauri 2016ko aza. 15a, 10:20

Lanak amaitu ondoren, Askondo inguruak izango duen itxura ikusi daiteke irudian.

Hasi dira dagoeneko Askondo kalearen itxura guztiz aldatuko duten herri lanak. Guztira, 850 metro koadro berriztatuko dituzte, eta horietako 350 estali egingo dituzte. Martxora arte iraungo duten lan horiek 480.000 euroko inbertsioa eskatuko diote Iurretako Udalari.

Obra zibila duela bi aste hasi zen, eta urtarrilaren amaieran aurreikusi dute bost metroko altuera izango duen estalkia jartzea —30 metro luzeran eta 12 zabaleran—. Halaxe azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak.  Gaineratu duenez, “ekitaldi edo momentu jakin batzuetan, alboetatik ere estaltzeko aukera egongo da”.

Askondon egokituko duten  gune horretan ur-zurrustak egongo dira, udarako edo bero egiten duen egunetarako, eta Dantzari auzuneko etxebizitzen horma batean eskalada-horma “txiki” bat jarriko dute, “umeek jolasteko”, argitu dutenez.

Totorikaguenak azaldu du “leku zabala” lortzea izan dela helburua, eta “hori baldintzatuko ez duten altzariak” aukeratu dituztela. Hartara, desmuntatu daitezkeen hiri-altzari mistoak jarriko dituzte aldi berean, xake edo partxis moduko jokoak dituztenak, eta lurrean joko tradizionalak margotuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!