Arantzamendi ingurua Santa Maña auzoko ur-hornidura sarearekin lotuko dute

Anboto 2016ko urr. 20a, 12:51

Santa Maña auzoko Arantzamendi inguruan ur hornidura sarea jartzeko obrak hasi ditu Iurretako Udalak. Udal Sareak bultzatutako Berritze Planaren barruan gauzatuko diren lan horietarako 26.741 euroko aurrekontua izango dute. 

Ur hornidura sarearen kudeaketa Udal Sarearen esku utzi zuen Iurretako Udalak erakunde horretan sartu zen momentuan. Era berean, Iurretako Udalarentzako Berrize plana ere idatzi zuten. Ur hornidura sarea aztertu ondoren, aurkitutako gabeziak  zehaztu ziren bertan. Baita gabezi horrek konpontzeko hartu beharreko neurriak ere.

Momentu honetan, "osasungarritasun baldintza hoberenak" dituen ur edangarria bideratzeko hornidura sarerik ez dute Arantzamendi inguruan. Inguruko iturburuetatik hartzen dute ura. Horrela azaldu dute ohar baten bitartez. Hartara, kanalizazio berri bat egingo dute eta Santa Maña auzoko ur hornidura sarera lotu.

Construccciones Bermeosolo enpresa arduratuko da lan horietaz eta bi hileko epea izango du amaitzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!