Herrigunetik Goiuriara hiru kilometroko lasterketa berria

Anboto 2016ko ira. 27a, 12:10

Lehia sustatzea baino, parte-hartze zabala bermatzea izan dute helburu ibilbidea egiterakoan.

Aurtengo San Migel jaietako nobedadeen artean Goiuriarako I. Igoera dago. Hiru kilometroko lasterketa izango da, eta lehiara begira baino gehiago, jaietako giroari ekarpena egiteko helburuz sortu dute.

Jose Antonio Silva iurretarra da sustatzaileetako bat. Urte askoan gertuko hartuemana izan du Migel Angel Munitxagaz eta Abadiñoko Sekulebedarra taldeagaz. Jaietan antzerako lasterketa bat eskaintzea interesgarria litzatekeela iritzita, udalagaz berba egin eta igoera antolatzeari ekin zioten Sekulebedarraren aterkia erabilita.

Hiru kilometroko igoera bat da lan horren emaitza. Urriaren 1eko zapatuan, 10:00etan, hasiko da Askondon. Ez da ibilbide luzea, eta ez dute uste Goiuriarainoko aldapa ere inor ikaratzeko modukoa denik. Erakargarritasuna eta ahalik eta parte-hartzerik zabalena bilatuz diseinatu dute zirkuitua: “Jai giroan ondo pasatzeko ekimen bat izan dadila gura dugu”, azaldu du Migel Angel Munitxak.

Izen-ematea egunean bertan 08:30etik aurrera izango da Askondon jarriko duten postuan. Sei euro izango da. Lasterketarako aterako duten kamiseta bana jasoko dute opari parte-hartzaile denek. Irabazleentzat,
berriz, garaikurrak egongo dira.

Lasterketa finko bat bihurtzeko helburuagaz sortu dute. Probaren balorazio orokorrak  (parte-hartzea, antolaketa lana…)  erakutsiko du berriro antolatzea merezi duen ala ez, baina, hasiera batean, “aurrera begirako asmoagaz antolatu dugu, eta ez aurtengo aldirako bakarrik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!