Iurretako Jaiak 2016

"Kartel lehiaketa martxan jarri zenetik dihardut parte hartzen"

Anboto 2016ko ira. 26a, 13:15

Iñaki Josu Mirena Irazabal Agirre (Iurreta, 1961)

Iñaki Irazabal ‘Kiña’-k hirugarrenez irabazi du bere herriko jaietako kartel lehiaketa. Iurretarrak inork baino hobeto islatzen du Sanmigel jaien esentzia bere karteletan. Aurten Domingiloa da bere sormen lanaren protagonista. Herriko jaiak gertutik bizi ditu Irazabalek. Aurten ere, edozein ekitalditan bere kameragaz argazkiak ateratzen ikusiko dugu.

Zelan sortu da kartela egiteko ideia?
Panpina horrek gauza arraro bat du. Antzina plastikozkoa zen. Aurpegia apurtu egin zitzaion, eta zakua jarri zioten. Begiak errotuladoreagaz margotu zizkioten, eta orain muñeko diabolikoa ematen du. Sinpatiko kabroia, esaten diot nik. Ezpatadantzari aurpegia duela esaten diet dantzari gazteei [barrezka]. Domingiloak badu bere historia. Sarrazenoen borroka-edo egon zen hemen. Hemengoek irabazi zuten, eta buruzagia jarri zuten hor goian, eta zinta-dantza dantzatu zuten.

Nola atera diozu argazkia?
Iazko jaietan atera nion argazkia. Hortik irten da kartela.

Kartel lehiaketa irabaztea espero zenuen?
Ez. Izan ere, kartel batek irabazteak ez du esan gura kartel hori hobea edo txarragoa denik. Jendeari gustatzen zaion kartelagaz asmatzea da. Interneten egiten diren lehiaketetan, berriz, koadrilarik handiena duenak irabazten du.

Noiztik diharduzu Iurretako kartel lehiaketan parte hartzen?
Kartel lehiaketa martxan jarri zenetik dihardut. Aurretik, jai batzordean nenbilenez, kartela egiten genuen, batek proposamenen bat izaten zuen eta diseinatu egiten genuen.

Beste lehiaketaren batean parte hartu duzu?
Durangon eta Elorrion aurkeztu izan naiz.

Baina irabazi, Iurretan irabazten duzu.
Hiru bider, irabazi dut gainera. Lehenengo lehiaketa 1989an irabazi nuen. Aurreskua dantzatzen, irudi figuratiboa zen karteleko protagonista. Margo bat sortu nuen. Orain urte bi, zinta-dantzako zinten argazki bategaz egin nuen kartelak irabazi zuen.

Argi dago dantzariek arrakasta dutela Iurretan.
Durangon irabazi gura baduzu, zezena sartu behar duzu. Iruñean entzierroa, Bilbon Marijaia, Gasteizen Zeledon... Herri bakoitzak bere ezaugarria du.

Jaietako argazkilari ofiziala ei zara.
Argazkiak zaletasunagatik ateratzen ditut. Urtero 1.000 argazki inguru ateratzen ditut. Gero, balio ez dutenak ezabatu egiten ditut.

Zein da jaietako une politena?
Doniel Atxa jasotzen duten momentua berezia da niretzat. Dantzariak ikustea ere oso gogoko izaten dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!