Iurretako Jaiak 2016

Herrigunea girotzeko egitaraua prestatu dute Iurretako tabernariek

Anboto 2016ko ira. 23a, 12:48

Portugaleteko Guretzat fanfarrea kalejiran ibiliko da bihar iluntzean, herrigunea musikaz girotzen.

Jai-giroa Aita San Migel plazatik haratago, Iurretako herrigunean zabaltzeko helburuagaz elkartu, eta egitarau bat prestatu dute aurten, lehenengoz, Iurretako tabernariek. Zazpi tabernaren artean gaurko eta biharko egitaraua prestatu dute, “herrigunean ere jaiak direla nabari dadin”, azaldu du egitaraua prestatzen ibili den Gauargi tabernako Lorena Porrasek.

“Urte guztian ibiltzen gara herrian giroa sortu guran, eta irailean, herriko jaiak ailegatzen direnean, herrigunean ez da jai-girorik egoten”. Aita San Migel plaza inguruan izaten dira, Porrasen berbetan, jaietako ekintzarik gehienak, eta urteetan eskatu dute jaietako ekintzak herrigunean ere egitea. Gabonetan kaleak girotzeko argiak ipintzen dituzten bezala, jaietan ere herrigunea apaintzea eskatzen diote udalari. “Tabernariok ipintzen ditugu taberna kanpoaldeetan apaingarriak, baina udalak gehiago lagundu beharko luke kalean jaiak ikusgai egiten”.

Gaur izango da tabernen egitarauak jasotzen duen lehenengo ekintza. Arte martzialetan jarduteko aukera izango dute, 19:00etan, Askondon. Gauean, Gauargi, The Ramon eta Dantzari tabernen artean muntatuko duten eszenatokian kontzertuak izango dira. Klown, Rust&Locks eta Kohatu Durangaldeko taldeek joko dute, 22:00etatik aurrera.

Marmitako txapelketa egingo dute bihar eguerdian, eta iluntzean, Portugaleteko Guretzat fanfarria jardungo da giroa berotzen.

Tabernariek uste dute denentzat dela onuragarria jaietan herriguneko giroa indartzea.Azpimarratu dute zazpi taberna horietako arduradunek badutela gauzak egiteko eta elkarregaz jarduteko gogoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!