Ibilbide laburrak 14 kilometro izango ditu, 655 metroko desnibel positiboagaz. Ibilbide luzeak, ostera, 23.3 kilometro eta 1.350 metroko desnibel positiboa. Martxa laburra “zailtasun teknikorik bakoa” dela esan dute Zaldaikoek, eta umeek ere egin ahalko dutela.
Ibilbide luzea egiten dutenak Mugarra magaletik eta Aramotz mendilerrotik pasatuko dira. Handik, Artatzaganeko (996m) eta Leunganeko (1.006m) tontorretara igoko dira.
Irteera, 08:30ean
Ibilbide biek 8:30ean izango dute irteera, eta herriko plazan hasi eta amaituko dira. Aurretiaz izena emateko aukera egon da www.kirolprobak.com web orrian, baina bihar bertan ere egongo da aukera, 10 euroren truke. Bestalde, antolakuntzakoek jakinarazi dute 14 urtetik beherakoentzat doakoa izango dela inskripzioa.
Indarrak hartzeko
Mendi taldekoek kafea eta pastak prestatuko dituzte gosaltzeko, mendizaleek goizean indarrak hartzeko. Horrez gainera, jan eta edateko postuak ere ipiniko dituzte Inunganen eta Marmolen. Ibilaldia amaitzean, luntxa dastatu ahalko dute lagunartean, eta dutxatzeko aukera ere edukiko dute, pilotalekuko instalazioetan.