Hala ere, eguaztenean elkartuko dira iurretarrak Montoian, jaiei merezitako ongietorria emateko. Ordua ipinita dute: 12:00etan. Ohiturazko Doniel Atxa igotzeko, berriz, arratsaldean batuko dira Aita San Migel plazan batuko dira. Tartean, Txan Magoaren ikuskizuna, herriko nagusien bazkaria eta Gazte Asanbladak antolatutako gazte bazkaria ere izango dira. Gau giroa, berriz, Zesuma plaza taldearen ardura izango da.
Eguena dute egun handia iurretarrek: San Migel eguna. Urtero moduan, Dantzari eta agintariek Montoitik Aita San Migel plazara egindako kalejiragaz hasiko dute eguna, eta, meza nagusia amaituta, Dantzari Dantza eta Gorulari Dantza eskainiko dituzte herriko dantzariek. 19:00etan bigarren saioa izango dute: Dantzari Dantza eta neskek egindako Soka Dantza eskainiko dituzte oraingo honetan. Aurretik, Begira zirkua hodei artean umeentzako ikuskizuna izango da plazan.
Mozorro Egunerako prest
Horren ostetik, ekitaldiz jositako asteburua izango dute Iurretan. Tartean, Mozorro Eguna eta sanmigeletako kontzertua batzen ditu Jai Batzordeak osatutako jai egitarauak.
Los Zopilotes Txirriaos taldearen eskutik etorriko da aurten jaietako kontzertua. Irailaren 30ean izango da, 22:00etan. Ondoren, erromeria izango da, Oxabi taldearen eskutik. Aurretik, umeentzako tailerrak, tortilla txapelketa, Sakatu elektrotxaranga eta Danza Oriental, tribal eta Bollywood ikuskizuna ere egongo dira.
Irudimena astindu eta egunak merezitako janzkera topatzeko denboraz daude oraindik iurretarrak. ‘Musika’. Horixe da urriaren 1erako antolatutako Mozorro Egunerako gaia, eta, azken urteetako ekitaldiei eutsi die Jai Batzordeak. Hala Bizikleta festa eta herri bazkaria antolatu dituzte; eta, poteorako hitzordua egin dute. Bazkalosterako play-back erakustaldia prestatu dute, eta hori amaituta Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuen txanda izango da.
Luhartz taldeak ere ez du hutsik egingo egun horretan. Hala ere, aurten, 20:00etan hasiko da erromeria. 22:00ak artean izango dute lehenengo ekinaldia; bigarrena, gauerditik aurrera. Tarte horretan, baina, izango da zertaz gozatu. Izan ere, jaietako klasikoa bihurtu den bertso jaialdia egongo da Olaburu frontoian. 02:00etan, berriz, The Rogodonians dj katalanak ere arituko dira. Urriaren 1ean, Dispertsiorik ez! Hartu trena! flashmoba ere izango da.
Nekazaritza azoka
Errosario Eguna dute urriaren 2a. XVII. Nekazaritza eta Artisautza Azokari egokitutako eguna. Horregaz batera, herri kirolen erakustaldia, dantzarien saioa eta gastronomia lehiaketa ere izango dira. Arratsaldean, berriz, De Norte a Sur flamenko taldeak eta Iurretako dantzariek eskainiko dute ikuskizuna.
Arantzak eta Pantxok alaitutako herri afariagaz agurtuko dituzte jaiak. Aurretik, ohiturazko bertsoak abestuko dituzte.