Berdintasuna, kirola eta elkartasuna uztartu gura dituen eguna antolatu dute domekarako

Anboto 2016ko ira. 13a, 12:20

Berdintasuna, kirola, osasuna eta elkartasuna uztartuko dituen eguna antolatu dute Iurretan, Sanmigel jaien atarian diren honetan. 

'Berdintasuna -kirola eta osasuna- elkartasuna, jaietan ere' lelopean bildu dira Iurretako Udala, Gu be bai runners-Iurreta, Anderebide, La Otra Mirada eta HEKI elkartea. "Berdintasuna, kirola, osasuna eta elkartasuna sustatu guran, herriko ume, gaztetxo, guraso eta familiakide guztiak erakartzeko" jardunaldia antolatu gura izan dute irailaren 18rako. 

II. Herri Lasterketak hasiko du eguna. Adin eta maila guztietara egokitutako ekimena izanik, lau lasterketa egongo dira. Hartara, etxeko txikienek ere parte hartzeko lasterketa izango da lehenengoa —haur-kotxeek ere izango dute horretarako aukera—; 11:00etan, hain zuzen ere. Benjamin eta kimuen txanda izango da 11:15ean, eta, 11:30ean, haur, kadete eta gazteen txanda. Nagusiak ere 11:30ean irtengo dira lasterketan — aipatzekoa da arineketan zein oinez egiteko aukera izango dela—.

Iaz sortu zen "emakumea bizi kalitatea hobetzeko osasunak duen garrantziaz kontzientziatzea" helburu duen Gu be bai runners-Iurreta proiektua. Bertan, heziketa fisikoa gustuko duenak eta beste emakumeekin, elkarrekin ibili, edota arineketan egiteko aukera ematen du proiektu horrek. Ekimen honen bitartez antolatu zen iaz lehenengoz herri lasterketa familiarra eta "arrakasta itzela" izan zuen Iraia Garcia dinamizatzaileak azaldu duenez. Iaz 350 lagun inguru batu ziren, eta aurten ere jente asko animatzea espero dute. Askondotik irtengo dira lasterketak, eta parte hartzen duten guztientzat, freskagarria eta pintxoa egongo dira.

Beldur barik gunea, herri kirolak eta errifa solidarioa

Lasterketarekin batera, Beldur Barik gunea jarriko dute aurten ere Anderebide emakume elkartearen laguntzarekin. "Berdintasuna jaietan ere" aldarrikatuko dute Ainhoa Albizuri zinegotziak azaldu duenez. Informazio gune izan gura du horrek. "Gainera, photocall antzerakoa egingo da berdintasunaren alde eta eraso sexisten kontra gaudela erakusteko". 

Aurten, La Otra Mirada elkartearen errifa solidarioak eta HEKI elkartearen herri kirol erakustaldiak osatuko dute egitaraua. Senegalen garatzen ari diren proiektu baten laguntzeko errifa solidarioa hasiko da 13:00ean, La Otra Mirada elkartearen eskutik. Pintxo solidarioa ere eskainiko dute. Herriko hainbat merkatariren laguntzagaz lortu dituzte sariak eta "oso pozik" daude izandako erantzunagaz. Halaxe azaldu du Marisa Parejo elkarteko kideak. Giroa berotzeko Batukandra taldeak ere parte hartuko du ekitaldian.

HEKI elkarteko Jon Iñaki Etxanoren berbetan umeentzako herri kirolak dira domekan erakutsiko dituztenak. 4 urtetik 12 urtera bitarteko gaztetxoek ordu t'erdi inguruko saioa eskainiko dute. Lasterketak bukatutakoan, 12:00etan, hasiko da saioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!