Nobedadeekin datoz sanmigelak

Anboto 2016ko ira. 12a, 14:53

Iurretako Jai Batzordeak gaur aurkeztu du jaietarako prestatutako egitaraua. Aita San Migel plazan egin dute agerraldia, eta dagoeneko "klasikoak" bihurtu diren ekitaldiez gain, izango diren nobedadeak ere azaldu dituzte. Irailaren 28an hasiko dituzte sanmigelak iurretarrek, Montoitik jaurtitako txupinazoarekin, eta, urriaren 2a bitartean, askotariko ekitaldiekin gozatzeko aukera izango dute. 

Hala ere, aurretik ere izango da zer ikusi eta zer egin. Asteburu honetan bertan, Iurretako Gazte Asanbladak deituta erreka garbiketa izango da, zapatuan, eta, domekan, Iurretako herri lasterketa familiarra antolatu dute. Aipatzekoa da baita La Otra Mirada GKEak antolatuta elkartasun errifa eta pintxoa ere izango direla. Beldur Barik gunea eta umeentzako herri kirolak ere ez dira faltako.

Aurten lehenengoz Marmitako lehiaketa jaso dute sanmigeletarako jai egitarauan. Herriko tabernek lagunduta antolatutako txapelketa da, eta irailaren 24an ipini dute horretarako hitzordua. Zaldai mendi taldeak antolatutako VII. Mendi Martxa ere izango da egun horretan.

Horrez gain, urriaren 1ean, zapatuan, Goiuria Kirol Lasterketa izango da, lehenengoz. Askondon hasi eta Goiuriara arteko hiru kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartuko duten korrikalariek. Mozorro eguna izango da urriaren 1a, eta urteetan mantendutako ekitaldiei eutsiko diote oraingoan ere Jai Batzordeko kideek. Hartara, bizikleta festa, herri bazkaria, play-back erakustaldia eta musika izango dira Iurretan. Urteetan moduan, oraingoan ere Luhartz taldeak berotuko du erromeri giroa. "Hala ere, aurten, aurreratu egin dugu ordua. Bi saiotan joko du Luhartzek. 20:00etatik 22:00etara izango da aurreneko saioa. Ondoren, bertso-jaialdia izango dugu, eta, hori amaituta gauerdian, bigarren saioa hasiko dute". Horrela azaldu dute Jai Batzordeko kideek. Rock kontzertuak, berriz, bezperan, irailaren 30ean izango dira.

Urtez-urte hutsik egin ez duten ekitaldiek ere bere lekua dute aurkeztutako jai egitarauan. Pirritx eta Porrotx pailazoak etorriko dira irailaren 23an, eta, Anderebide elkarteak antolatuta 'Machomaris antzezlana taularatuko dute hilaren 24an. Joseba Tapiak ere eskainiko du kontzertua asteburu horretan. Nekazaritza eta Artisautza azokak ere ez du hutsik egingo urriaren 2an. Irailaren 23rako antolatu duten argazki rally lehiaketaren sari banaketa ere egingo dute bertan.

Irailaren 25ean, domekan, berriz, umeentzako parkea egongo da egun osoz, paella txapelketak ere ez du hutsik egingo, eta, Pablo Berasaluzeren omenaldi partidua jokatuko dute. 

Jai Batzordeko kideek herriko elkarteen lana nabarmendu dute: "Euren lana da aberasgarriena. Beraiek antolatutako ekintzek egindako ekarpena oso aberatsa da. Denon artean egitarau osotu bat egiten dugu".

Jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute

Iñaki Irazabal 'Kiña' iurretarraren “Domingillue”k iragarriko ditu sanmigelak, aurten. Ez du estreinako aldia Irazabalek. Izan ere, hirugarren aldia izango da berak egindako kartel batek iragartzen dituela herriko jaiak. "Berezia da niretzat Domingilluen aurpegia, bihurri aurpegia da". Gero ordenagailuan moldatutako argazkia du oinarri bere lanak.

Guztira zazpi lan aurkeztu dira, aurten, lehiaketara. Azken urteetan bezala, San Juan Bezperan egin zuten aurkeztutako lan guztien erakusketa herriko plazan. Gero bozketa egin zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!