Kofradi Eguna ospatuko dute Laixiarren, domekan

Anboto 2016ko ira. 9a, 13:00

Urteroko hitzordua dute Iurretako kofradiek domekan: XLIII. Kofradi Eguna ospatuko dute, Laixiar zelaian. Urteko kontuak argitzeko elkartzen dira herriko sei kofradiak (San Marko, Fauste, Goiuri, Santa Maña, Orozketa eta Iurreta) irailean. Jai giroan ospatzen dute egun hori Laixiarren.

Mezagaz hasiko dute egitaraua, 12:00etan. Ondoren, Kofradien Batzar Nagusia hasiko dute. Kofradi bakoitzak urteko kontuen berri emango du bertan, Bixente Narbaiza Iurretako kofradien lehendakariak azaldu duenez. Bertaratuko diren iurretarrak bazkaritarako elkartuko dira ondoren. Arratsalderako umeentzako jolasak eta erromeria ere antolatzen dituzte  kofradiek.

Ehunka iurretar batu ohi dira Laixiarren Kofradien Eguna ospatzeko. Narbaizak gogoratu duen moduan, 250 bat lagun elkartzen dira. Kofradia guztietako jendea batzen duena izaten da Laixiarren ospatutakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!