Santamaña jaietarako prest daude Arriandin

Anboto 2016ko uzt. 12a, 10:45

Jai giroa izango dute asteburuan Arriandin, santamañen eskutik. Santa Maña eguna, uztailak 18, izango dute egun handia, eta usadioari jarraituz, tortillak, gozokiak, karramarroak eta edariak banatuko dituzte bertaratuko direnen artean. Hori 12:00etako meza nagusia bukatu ostean izango da. Ondoren, Santa Mañako XXXIX. Tortilla Txapelketa eta Santa Mañako XXXII. Igel Txapelketa ere egingo dituzte Arriandi auzokoek.

Arratsaldean Amezketa inguruan izango dute jai giroa. XLIX. Briska txapelketa hasiko dute 18:00etan, Amezketako eskoletan. Gorriti eta bere animalien eskutik umeentzako eta helduentzako jolasak hasiko dira 19:00etan.

Dena den, bezperan ere izango da zer egin Arriandin. Santa Mañako II. Mus Relanpago Txapelketa izango dute, 17:30ean, Arri-andi jatetxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!