Urrian hasi gura dituzte Askondon estalpea eraikitzeko lanak

Anboto 2016ko eka. 30a, 11:46

Lanak amaituta Askondo inguruak izango duen itxura

Urriaren erdialdean hasi gura dituzte Askondon aterpea eraikitzeko lanak. Bost hilean egongo dira prest 480.000 euroko inbertsioa eskatuko duten lanak. Iurretako Udalak irailean esleituko ditu lanak.

Askondon 850 metro koadro berriztatuko dituzte, eta horietariko 350 estaliko dira. Bost metroko altuera izango du egiturak —30 metro luzeran eta 12 zabaleran—. Udalaren “lehentasunetariko bat” da obra hori, diotenez: “gune estali batekin egoteko leku bat edukiko du Iurretak; aisialdirako edo bestelako ospakizunen baterako, euripean egon gabe”. Urrian hasi ziren proiektua lantzen, herritarren ekarpenak ere jasoaz. Noizean behin izteko aukera izatea eskatu dute horiek.

Ur zurruztak, udarako

Gune horretan ur-zurrustak egongo dira, udarako edo bero egiten duten egunetarako, eta, Dantzari auzuneko horma bitartekoan rokodromoa jarriko dute. Desmuntatu daitezkeen hiri-altzari mistoak jarriko dituzte, aldi berean, xake edo partxis moduko  jokuak dituztenak, eta lurrean joku tradizionalak margotuko dituzte.  

Alkatea Iñaki Totorikaguenak azaldu duenez, "Iurretarentzat premiazkoa da gune estali bat edukitzea hirigunean. Gainera, proiektu honekin guztiz berriztuko da Askondoko gunea, eta horretaz gozatu dezaten herritarren esku egongo da". Alderdi guztien ekarpenek proiektua "aberastu" dutela nabarmendu du Totorikaguenak, "baita foroetan parte hartu duten herritarren ekarpenekin". Gaineratu duenez, "Askondo kotxeentzako kale bat izatetik, nagusi eta gazteen gozamenerako gune bat izatera pasatuko da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!