Berdintasuna eta genero ikuspegia bermatuko duen dekalogoa landuko dute

Anboto 2016ko eka. 21a, 13:39

Amaia Legorburu Gizarte Ongizate saileko langilea eta Ainhoa Albizuri Gizarte Ongizateko batzordeburua

Herriko elkarteen eta gainerako kolaboratzaileen artean jarduera-neurrien dekalogo bat sortuko du Iurretako Udalak. Goiuria kulturguneko Jarraipen Batzordearekin batera landuko du hori, "beraien tratu eta komunikazio jardunbide egokirako". Urrian aurkeztu gura dute genero ikuspegia ere bermatuko duen behin behineko agiria, herriko elkarte eta taldeekin landu ahal izateko.

Gizarte Ongizate batzordearen bitartez landuko dute dekalogo hori. Halaxe azaldu dute Ainhoa Albizuri Gizarte Ongizateko batzordeburuak eta Amaia Legorburu Gizarte Ongizateko langileak. Bestalde udalak genero ikuspegiarekin lotuta, aurten hartutako erabakiak ekarri dituzte gogora. Besteak beste, udaleko sail eta zerbitzu guztietan generoaren perspektiba eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren irizpideak ezartzen joateko konpromiso politikoa hartu duela Iurretako Udalak.

Udalari lotutako edota tokiko elkarteekin sinatzen diren hitzarmenetan klausula berri bat jasotzeko erabakia ere hartu du Iurretak aurten. Horren arabera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritako printzipio orokorrak bete beharko dituzte elkarteek beren jardueretan. Era berean, "ezingo dute erabili hizkuntza sexistarik beren agirietan, publizitatean, irudietan edo materialetan; irudi diskriminatzaileak eta estereotipo sexistak saihestuko dituzte; eta, sustatuko duten irduian berdintasun balioak, presentzia orekatua, dibertsitatea, erantzunkidetasuna zein rolen eta genero-identitateen aniztasuna islatuko dira".

Gizarte Ongizatean lanean diharduen elkarteekin sinatutako hitzarmenetan hasi dira klausula hori sartzen, prentsaurrean azaldu dutenez, hala ere, beste arloetan lan egiten dute elkarteekin sinatutako hitzarmenetan ere jasoko dute. "Betebeharreko" klausula izango dela gogoratu dute udal ordezkariek.

"Iurretako Udala aspaldi hasi zen gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna hainbat modutan sustatzen", Albizurik azaldu duenez, "eta hainbat ekintza garatu dira emakumearen sustapena eta berdintasuna bultzatzeko, eta, emakumeen aurkako bereizkeria eta ikusiezintasuna deuseztatzeko". Besteak beste, prestakuntza zein ahalduntze tailerrak, berdintasunaren aldeko sentsibilizazio kanpainak edota emakumeen kirola sustatzeko ekimenak aipatu ditu. 2009an Anderebide emakume elkartea sortu zela ere nabarmendu du. Aurten Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna lortzeko Europako Kartarekin bat egin dutela ere gogoratu du.

Legorburuk nabarmendu du "urteetan egindako lanari esker emakumea indartu" egin dela Iurretan, "eta joera gora doa". "Begibistakoa den hori idatziz jasoko da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!