Larraitz Zabala: "Esperientzia bizi, eta ahal dudan guztia ikasteko irrikitan nago"

Anboto 2016ko eka. 15a, 09:00

Begirale lanetan urte askoan aritu den Larraitz Zabalak uda desberdin bat du aurretik aurtengoan. Iurretarrak Eusko Jaurlaritzako programa bategaz bat egin du, eta hiru hilabeterako Kenyara joango da koperante lanak egitera.
 

Nola bururatu zitzaizun kooperante moduan Afrikara joatea?
Urte batzuk neramatzan Eusko Jaurlaritzako programa honetan izena eman guran. Orain dela pare bat urte, koadrilako bat joan zen, eta iaz, koadrilako beste bat eta lehengusina. Nik ere orduan joatea gura nuen, baina, master bat egiten nenbilen, eta udalekuetara joan beharra ere baneukan. Beraz, beste urte baterako uztea erabaki nuen, eta azkenean heldu da joateko unea.

Uztail hasieran hiru hilabeterako joango zara, ezta?
Bai, hori da. Eusko Jaurlaritzak proiektu ezberdinak ateratzen ditu euskal gazteria sentsibilizatzeko asmotan. Eta, hautaketa prozesu guztiak pasatu ondoren, esan dezaket uztailaren 5ean Kenyara joango naizela.

Herrialde ezberdinak eta proiektu ezberdinak dituzte. Zein lanetan ibiliko zaren esan dizute?
Bai, hainbat proiektu daude eta niri nekazaritza ekologikoaren inguruko proiektua esleitu didate. Esan didatenez, kenyar askok ortuan lan egiten dute, eta asmoa beraiei laguntzea da, sortzen duten hori ekologikoa izan dadin.

Espero zenuen proiektu horren parte izatea?
Egia esan, ez nekien zein proiektu emango zidaten. Esan ziguten gure ikasketa eta esperientziekin lotutako zerbaitetan arituko ginela. Urte dezentez begirale lanetan ibili naiz, eta horregaz lotutako zerbait izan zitekeela uste nuen. Baina, beste alde batetik, biologoa naiz, eta biodibertsitate masterra ere eginda daukat. Beraz, nire ikasketekin lotutako zerbait ere izan zitekeen, eta, azkenean, horrela izan da.  Beraz, beste neska arkitekto bategaz Kenyako nekazariei laguntzen ahaleginduko gara.

Bi lagun ibiliko zarete orduan?
Bai, hori da. Bilboko neska bat eta biok joango gara. Hasieran, beste biologo bategaz joan behar nuen, baina, lana dela eta, ezingo da joan.

Uda honetakoa lehen esperientzia izango duzu kooperante moduan?
Begirale moduan urte askoan ibili naiz. Hamar urte izango dira hasi nintzenetik, baina, kooperante moduan beste herrialde batera noan lehen aldia da. Urte hauetako guztietako esperientziak jendeagaz harremanak egiteko orduan lagunduko didala esango nuke. Baina, aldi berean, beste herrialde batera joateak, beste hizkuntza bat hitz egin behar izateak... horrek urduritu egiten nau. Hala ere, aitortu behar dut Euskal Herritik beste bategaz joateak lasaitu egiten nauela.

Hilabete barru Kenyatik ibiliko zara. Zer sentsazio dituzu?
Oraindik nahiko urrun ikusten dut joateko une hori. Baina, egia da joateko gogo itzela dudala. Badakit hasieran oso arraroa egingo zaidala, hemendik urrun egotea, kultura ezberdina duen jendeagaz egunerokoan ibiltzea... Baina, esperientzia hau bizitzeko eta beraiengandik ahal dudan guztia ikasteko irrikitan nago.

Beraiengandik ikasi eta beraiei irakasteko, ezta?
Bai, hori da. Ni eurei laguntzera noa hara, baina badakit eurak izango direla niri gauzak erakutsiko dizkidatenak, eurek asko baitute irakasteko. Gainera, pertsona moduan hazteko eta gauzak beste modu batean ikusteko ere aukera paregabea izango dela iruditzen zait Kenyako bidaia hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!