Mintzopoteak 30 lagun batu zituen, euskara herriko kaleetara atereaz

Anboto 2016ko mai. 9a, 11:02

Euskara herriko kaleetara ateratzeko helburuagaz 30 herritar inguru batu ziren, Iurretako Mintzopotean. Sei mahaitan banatuta, euskararen iraganaz, etorkizunaz eta beste hainbat kontuez jardun zuten. Trago eta pintxoek lagunduta, giro aparta sortu zuten.

Ordu biko iraupena izan zuen Mintzopotean etorkizun oparoa aurreikusi zioten euskarari. Iragarri zutenez, 2050eko abenduaren 3ean, Euskararen Egunean, honako titularrak jasoko dituzte egunkariek: "Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira" edo "Orain dela 10 urte ospatu zen azkenengoz Euskararen Eguna".

Iraganera salto eginez, Iurretako berba zaharrak eta esaerak berreskuratu gura izan zituzten Mintzopotean: olgau, papaue, mozolue, enbraskue, rakadune, susterbakue, itturran, erdu, eskatza, urkuldu, enparaue, xaparro... lako berbak izan zituzten ahotan. Azkenik, euskararekin duten harremanaren inguruan egin zuten gogoeta ekimenean parte hartu zutenek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "horren harira aipatu ziren kontuen arabera euskarak ekarpen handia egin die iurretarrei: izaera, jende berria ezagutzeko aukera, hizkuntzagaz olgetako aukera, sentitzeko era bat, bizitzeko modu bat". Gaineratu dutenez, "ordainetan, iurretarrek jarraipena eman diote eta emango diote euskarari".

Kantu eta bertsoz amaitu zuten Mintzopotea.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!