"Errespetu faltaren aurrean, askotan, urrundu egiten gara, zoritxarrez"

Juan Karlos Alonso psikologoa

Eskola jazarpena eta errespetu falta dute hizpide, egunotan, Ibarretxe kultur etxean. Guraso eta hezitzaileei zuzenduta, ikastaroa antolatu du Maiztegi herri eskolak, eta, horretarako, Juan Karlos Alonso psikologoa gonbidatu dute. Familian, eskolan eta gizartean oro har, eragindako errespetu faltaren zergatiak argituko ditu berak. Gurasoek seme-alaben arteko harreman gatazkatsuetan nola jokatu ere argituko du. Eta eskola jazarpenaz ere jardungo du.

Errespetu faltari aurre egiteko tresna eta aholkuak eman gura dituzu?
Eskola jazarpen egoera batera heldu arte ez itxarotea, horretara heltzen ez uztea, horixe dut helburu ikastaro honetan. Hasieratik, edozein errespetu falta bideratzen laguntzea. Gainera, uste dut ezin garela soilik arduratu gure seme-alabak eskola jazarpenaren biktima direnean. Seme-alabekin bereiziki adi egon behar dugu, eta jazarpen egoeraren eragile edo egoera horren lekuko izan daitekeenaren aurrean nola jokatu jakiteko aholkuak ematen ditut.

Zer da eskola jazarpena?
Edozein ikasle bihurtu daiteke eskola jazarpenaren biktima. Denbora luzean, behin eta berriro ematen den egoera da eskola jazarpena, eta beti min egiteko borondateagaz. Jazarritako ikaslearen eta jazarpena eragiten duenaren artean botere harreman bat egoten da; biktimak ezin du bere burua defendatu. Horri deitzen zaio eskola jazarpena.

Ezaugarri zehatz batzuk ditu, beraz, eskola jazarpenak.
Hala da. Gatazka asko daude neska-mutilen artean, gure artean ere bai, eta edozein gatazka ez da eskola jazarpena edo bulling-a. Botere maila bat egoten da, indefentsioa, beti egoten da min egiteko borondatea edo intentzioa: intimidazioa, tiranizazioa edo mehatxuak egoten dira.

Ikastetxeetan askotan ematen da eskola jazarpena?
Ikerketa asko daude, eta oso anitzak dira: Euskal Herrian,  Espainian, Europan zein munduan. Ikerketek diote, oro har, hirutik batek bizi izan duela inoiz eskola jazarpena. Datuak asko dira, eta ikerketak ere era anitzetan egiten dira. Dena dela, gai hau ez dagokio bakarrik jazarpena jasotzen duenari. Eskola jazarpena eragiten duenari ere badagokio, eta baita jazarpena ikusi edo ezagutu arren ezer egiten ez duenari ere. Azken egoera hori askotan ematen da, eta horretaz ere kezkatu beharko genuke. Zentzu horretan, jazarpena denori dagokigun gaia da.

Erasoa seinalatzeaz ari zara?
Hori da. Gai honetan hiru egoera bizi daitezke: jazarpena sufritzen duen ikaslearena, jazarpena eragiten duenarena, eta jazarpena ikusi edo ezagututa era pasiboan jokatzen duen ikaslearena. Hiru egoera horietan zer egin jakiteko zenbait aholku ematen ditut ikastaroan.

Errespetu falta dago eskola jazarpenaren atzean?
Bai. Gizartean dagoen arau eta mugen ahultasuna, eta balio-heziketaren ahultasuna daude oinarrian, eta hori lantzen dut ikastaroan. Balioen artean kokatuko nituzke, adibidez, errespetua eta aniztasuna. Helduen artean autoritatea ez dadin erabili lan egiten dut, eta baita trebetasun sozialak (‘mesedez’, ‘eskerrik asko’, ‘barkatu’, ‘ardura zaizu?’..) garatzen ere. Teknologiaren eragina ere izugarria da, horien bidez hainbat egoera eta portaera ezerezten direlako: adibidez, bideojokoak. Jotzen jolasten dira gaur egungo umeak; bideojokoetako pertsonaiak hiltzen ondo pasatzen dute, esaterako, eta puntuak irabazten dituzte. Apurka-apurka, eragin handia du horrek, eta errespetu falta dakar horrek.

Zergatik ematen da errespetu falta hori?
Hainbat faktore daude. Adibidez, aipatutako heziketa emozionalaren ahultasuna. Gaur egun, enpatia kontzeptu hori lantzea oso garrantzitsua dela uste dut; bestearen azalean, ikuspuntuan sartzeko ahalmena. Gizarteari dagokigu, eta batez ere familiari, haurrak enpatian eta errespetuan hezitzea. Oso garrantzitsua deritzot balioetan hezitzeari. Hala ere, errespetu falta horren aurrean, askotan urrundu egiten gara helduak, zoritxarrez: umeei ez diegu esaten ‘aizu! hau egitea edo hura esatea ez dago ondo...’. Haur eta nerabeek ‘hau ondo dago’ edo ‘hori txarto dago’ esango dien heldu bat behar dute, eta oso garrantzitsua iruditzen zait oso txikitatik erakustea zer dagoen ondo eta zer txarto. Argi azaldu behar zaie umeei zer den ona eta zer txarra. Hainbat dira balioak, eta heldutasunaren arabera igorri behar dizkiegu. Hala ere, eredu bihurtuz heziko dugu balioetan.

Uste duguna baino gehiago ematen da jazarpena?
Askotan esan da eskola jazarpena betidanik egon dela. Egia da hori, baina gaur egun egoerak bestelako izaera hartu du, areagotu egin dute hainbat faktorek. Hor daude teknologia berriak ere. Dena den, egia da eskola jazarpenaren definizoa aplikatuz gero salatutako egoera guztiak ez direla jazarpena. Eta ziur nago beste egoera batzuek ihes egiten dizkigutela, eta ez ditugula jazarpenaren definizio horrekin identifikatzen. Hainbat dira faktoreak. Errespetu falta horrek nola eragiten duen azaltzen dut ikastaroan, eta hori jazarpen bilakatzeko dauden faktoreak ere bai.

Teknologiaren eragina handia izan da, ezta?
Bai. Hor dago ziberbullinga. Seme-alabek eta guk geuk teknologia berrien erabilpen desegokia egiten dugu. Teknologia berrien bidez ezin da edozer gauza esan, eta irizpide hori kontuan hartuta hezi behar ditugu seme-alabak. Argi esan behar diegu delitua dela. Bideo-jokoen mundua ere izugarria da, eta kontuz ibili behar dugu. Ezin diegu 13-14 urteko umeei 18 urtetik gorakoentzako bideojokoak erabiltzen utzi. Teknologia berriekin mugak jarri behar ditugu.

Muga asko jartzetik batere mugarik ez jartzera heldu gara?
Hori horrela dela oso argi daukat. Ez ditugu mugak jartzen, ez dago ondoriorik, eta inpunitatea nabaria da. Horretan, eredu moduan, erru guztia geurea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!