Fauste auzorako sarbiderako Bernako zubia bota eta berria eraikiko dute

Anboto 2016ko api. 29a, 12:21
Bernako zubiaren irudi bat (@IurretakoUdala)

Iurretako Fauste auzorako sarbiderako Bernako (Zornotza) zubia bota eta berria eraikiko dute. Horretarako lankidetza hitzarmena sinatu dute Iurreta eta Zornotzako udalek. Proiektua egiteko ardura Iurretako Udalak hartu du, hala ere, lanek eskatuko duten 200.000 euroko inbertsioei bi udalek erdibana hartuko dute euren gain.

Urte hasierako euriteen eraginez "nahiko egoera txarrean" dago Fauste auzorako sarbiderako Bernako zubi hori, eta bai Iurreta bai Zornotzako udalek "ezinbestekotzat" jo dute zubia bota eta berria eraikitzea. Horrela azaldu du Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak. Urtarrilean konturatu ziren zubiaren egoeraz.

Iurretako Fauste auzoan dauden baserri multzo baterako sarbidea da Bernako zubia. Era berean, Zornotzako biltegi batera ere iristen da bertotik. Horregaitik udal bakoitzak inbertsio osoaren erdiari egingo dio aurre, adierazi du Totorikaguenak.

Egoera "larria" zela-eta URA Agentziari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote baimena zubi berria eraikitzeko. Egitasmoa lantzeko ere egon dira Iurretako Udaleko arduradunak URA Agentziakoekin. Lanak uda inguruan hasi gura dituzte Totorikaguenak esan duenez,  eta urte amaieran amaituta egotea.

Iurretako Udalak ez du aurreikusi 100.000 euroko gastu hau 2016ko udal aurrekontua, "ezustekoan sortutako gastua izan da-eta". Beraz, diru-laguntzak eskatuko dituzte Bizkaiko Aldundian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!