Euskaraz eta euskarari buruz berba egiteko mintzopotera gonbidatu dituzte herritarrak

Anboto 2016ko api. 26a, 12:45
Ainara Ibañez ElHuyar Aholkularitzako arduraduna, Izaskun Izurieta Euskara Batzordeko arduraduna eta Iñaki Totorikaguena alkatea

Euskara kalera atera guran Mintzopotea antolatu dute Iurretan, maiatzaren 6rako. Tragoa hartu bitartean, euskaraz eta euskararen inguruan berba egitera gonbidatu dituzte herritarrak. Euskararen Aholku Batzordeak antolatutako Mintzopotea, 19:00etan hasiko da. Apirilaren 29ra bitartean dago izena emateko aukera.

Iurretako Udalak onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (2016-2019) barruan antolatutako ekimena da Mintzopotea. "Giro lasaian euskaraz egiteko gunea" sortu gura dute MIntzopoteagaz, eta parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Halaxe azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak.

Maiatzaren 6an kalera aterako dute euskara. Hori du helburu Mintzopoteak, baita herritarrak sentsibilizatzea ere. Horrela azaldu du Ainara Ibañez Elhuyar Aholkularitzako kideak. Word café metodologia erabilita, mahaiak jarriko dituzte Dantzari auzunean eta, talde txikietan antolatuta, askotariko gaiak proposatuko dituzte euskaraz hitzegiteko. Mintzopoterako hitzordua 19:00etan jarri dute, eta lehenengo trago udalak gonbidatutako izango da. Jatekoa ere eskainiko dute. Ibañezen berbetan, "euskarari guk egindako ekarpenez edota euskara guri egindakoez hausnartzeko aukera izango dugu, eta Iurretako sasoi bateko hitzak berreskuratzeko, besteak beste". ElHuyar aholkularitzako teknikari bik bideratuko dituzte tertuliak.

Iurretan "erreferente" izan daitezkeen pertsonak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera Izaskun Izurieta Euskara Batzordeko arduradunak azaldu duen moduan. Hartara, Julian Gorospek, Gorka Lazkanok, Kristina Mardarasek, Jose Jabier Abasolo 'Tiliñok', Ziortza Aldekoa-Otalorak eta Anton Mari Aldekoa-Otalorak parte hartuko dute.

Mintzopotean parte hartzeko izena ematea apirilaren 29ra arte dago zabalaik: 94 620 12 00 telefono zenbakira deitu daiteke edo honako posta elektronikora mezua bidali: idazkaritza@iurreta.net. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!