Totorikaguena Benito Ysursaren omenaldira joan da Boisera

Anboto 2016ko api. 13a, 11:32

Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea Boisera abiatu da gaur, Benito Ysursaren ondorengoekin biltzeko eta herri bien arteko harremanak estutzeko. Ysursak bere bizitzaren parte handi bat seme-alabei, ondorengoei eta Boiseko ingurukoei euskal kultura, dantzak eta hizkuntza transmititzen eman zuen.

Apirilaren 19ra arte Iurretako alkateak hainbat bilera izango ditu Ysursa-Basabe familiekin eta Idahoko euskal ondorengoekin. David Bieter Boiseko alkatearekin ere elkartuko da. Era berean,  Totorikaguenak hainbat bisita eta bilera egingo ditu. Besteak beste, Boiseko Basque Center bisitatuko du. Bestalde, Boiseko euskaldunen topaketa gunean Benito Ysursa omenduko dute. Ekitaldian alkatea Oinkari dantza taldearekin elkartuko da.

Totorikaguneak dioenez, “aukera ona izan daiteke etorkizunean ezagupena eta kulturen arteko elkartrukeak egiteko. Boisen Oinkari izeneko dantza talde bat dago gauza asko egiten dituena, eta hasiera on bat izan daiteke haien esperientziak Iurreta moduko herri batekin partekatzeko. Azken finean dantzariak gure adn-aren atal garrantzitsua da”.

Ysursaren bizitza

1915eko azaroan Benito Ysursa Urrutia Iurretatik Estatu Batuetara joan zen Vicente Alberdi bezalako beste Arriandiko iurretar batzuekin batera,  La Touraine itsasontzian. Ezkondu egin zen eta bi haur izan zituenez bertan geratu zen bizitzen. Iurretako Udalak Benito Ysursak Idahon euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana aitortu zuen joan zen azaroan adierazpen instituzional baten bitartez.

Udal arduradunek diotenez, "jaioterritik kanpo bizi arren, Euskal Herria biziki maite zuen. Bere bizitzaren parte handi bat seme-alabei, ondorengoei eta Boiseko ingurukoei euskal kultura, dantzak eta hizkuntza transmititzen eman zuen. Gaur egun bere ondorengoak, iloba eta bilobak, Idahoko euskal komunitatearen kide garrantzitsuak eta aktiboak dira".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!