Mendekotasun edo ezgaitasun egoerari aurre egiteko Nagusien Bidelagun programa ipini dute martxan

Anboto 2016ko api. 7a, 13:35

Gurutze Gorriko eta Iurretako udaleko ordezkariek egin dute agerraldia, gaur goizean, Ibarretxe kultur etxean.

Mendekotasun edota ezgaitasun egoeran dauden pertsona nagusiei zuzendutako Nagusien Bidelagun boluntariotza programa jarri du martxan Iurretako Udalak Gurutze Gorriagaz elkarlanean. 70 urtetik gorako 650 pertsona daude Iurretan; erroldaren %17,4 dira. Horrez gainera, aurten, 46 lagunek beteko dituzte 80 urte.  

60 urtetik gorako pertsonentzako gertutasun eta laguntza programa  honetan 18 urtetik gorako edonork parte hartu dezake bolondres moduan. Hiru laguntza mota eskainiko  dira: astean ordu bi eskatzen ditu laguntza erregularrak (etxeko konpainia eta kalean ibiltzea);  laguntza puntuala ere eskainiko da medikutara edo bestelako gestioak egiteko; azkenik, informazio eta telefono bidezko jarraipena egiteko aukera legoke.

Jendaurreko aurkezpena

Egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko jendaurreko aurkezpena egingo dute, gaur, arratsaldeko 18:00etan, Ibarretxe kultur etxean. Gizarte Ongizatea batzordetik bideratutako egitasmoa da. Beharrizan edo bakardade egoeran dauden adineko pertsonen senideei edota bolondres jardun gura duten herritarrei Nagusien Bidelagun programaren inguruko azalpen guztiak emango dituzte bertan. 

Pertsona hauei ohiko ingurunean jarraitzeko aukera eskaini gura zaie; “bizi kalitatea hobetzeko eta sare soziala zabaltzeko” aukera. Epemugarik ez dago  erabiltzaile zein bolondres izateko, eta egitasmoak harrera ona izatea espero dute. 

Zahartze “osasungarri eta aktiboa” sustatzen jarraitzeko ipini du martxan egitasmoa udalak, eta erabiltzaile posibleak ezagutzeko osasun zentroagaz, Durangaldeko Amankomunazgoagaz eta Goiuriako Ama nagusien elkartagaz jarri dira hartu-emanean. 2014an, ke-detektagailuak ipini zituzten 80 urtetik gorakoen etxeetan, etxeko suteen gaineko informazioa emategaz batera. “Egoera aztertzeko balio izan zigun horrek. Hor dauka sorburua Nagusien Bidelagun programak”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!