Biblioteka sei hilabetez itxiko dute apirilaren 15ean, berrantolaketa lanengatik

Anboto 2016ko mar. 15a, 14:35

"Zahartuta" geratu dela-eta, sei hilabetez itxiko dute biblioteka berrizteko eta "gaurkotzeko" lanek eraginda. Apirilaren 15ean itxiko dute, baina, lotutako ekintzak mantendu egingo dira. Hala esan dute Iñaki Totorikaguena alkateak eta liburutegiko arduradun Ziortza Onandiak.

Ibarretxe kultur etxearen lehenengo solairu osoa hartuko duen liburutegi berriagaz 214 metro lineal irabaziko dituzte, eta orain ez dauden 11 irakurketa-postu ere bai. Azpiegitura berriak 36 ikasketa-toki izango ditu; zazpi ordenagailu eta lau tablet. Erabilera datuen arabera berrantolatu dute lekua, eta argitasuna eman gura izan diote.

Ekainaren 1ean aurreikusi dute hiru hilabete luzatuko diren lanekin hastea. Aurretik, baina, 40.000 dokumentuk osatutako funts bibliografikoa bajatuko dute sotora; baita berrerabiliko dituzten altzariak ere. Ia 132.000 euro eskatuko dituzten obrak amaituta, iraila eta urria, funts bibliografikoa eta altzariak jartzeko erabiliko dituzte. Azaldu dutenez, oinarrizko altzari berriak ere erosiko dira (60.497 euro). Urtean-urtean joango dira altzariak barrizten. Urriaren 24an ireki nahi dute.

Aipatu dute liburutegiaren erabiltzaileek aukera izango dutela gura beste liburu edo bestelako euskarri maileguan hartzeko. Azarora artean etxean eukitzeko aukera emango zaie.

Gaurkotzeko beharra

2001ean zabaldu zuten Iurretako biblioteka eta herritarren artean "oso baloratuta" dagoen zerbitzua dela nabarmendu du Totorikaguenak. Horrela jarraitu dezan "beharrezkoa" deritzote azpiegitura "berriztea, gaurkotzea eta berrantolatzea". Hiru ildotan banatu ditu alkateak etorkizunerako erronkak: "Iurretako gizarteak planteatutako erronkek aintzindari izatea, teknologia digitalei eta hauek ekarritako onurei ahalik eta probetxu handiena ateratzea, eta, liburutegi jasangarria eta denboran iraunkorra lortzea, bai ekonomikokik bai giza baliabideei dagokionez". Ahaztu gabe, "kultura sortzea eta irakurzaletasun sortzea" direla liburutegiaren oinarri.

Gaur egungo liburutegia "ez da funtzionala", Onaindiak nabarmendu duenez, "oso zurruna". Ildo horretan, nabarmendu du,  egungo liburutegi-eredua "gaurkotu" beharra dagoela. Hormak bota eta solairu guztia aprobetxatuko dute.  Haur liburutegia (0-12 urte artekoentzat) bakarrik egongo da kristaleraz batekin isolatua; gainerakoan, ez da hormarik egongo.Liburutegia "gainezka" dagoela agerikoa dela nabarmendu dute egindako agerraldian

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!