Ariketak egiteko aparatuak erabiltzen erakutsiko diete nagusiei

Anboto 2016ko mar. 10a, 14:11
Ertzilla industrialdean dago parke osasungarria

Parke biosasungarrien sustapenerako egitasmoa abiatuko dute Iurretan, Bizkaiko Aldundiagaz eta Osakidetzagaz elkarlanean. 60 urtetik gorakoei zuzenduta, parke biosasungarrien erabilera sustatu  gura dute, horrela jarduera fisikoa sustatzeko. Ertzilla industrialdean dago horrelako parke bat.

Apiril eta maiatzean, ostegunero egingo dituzte aditu batek gidatutako saioak, 09:30etik 10:30era. Harrobia lanbide heziketako profesionalek burutuko dituzte ariketa progamak; saioak eurak eskainiko dituzte. "Antolatutako jarduera batek, jarduera fisikoan aditua denak lagunduta, ekar ditzakeen onurak" azaldu gura dituzte ekimen honen bitartez.

 

Ibarretxe kultur etxean aurkeztuko dute egitasmoa apirilaren 7an, 19:30ean. Izena emateko epea, berriz, atzo zabaldu zen eta martxoaren 16ra bitartean dago zabalik. Kultur etxera bertora zuzendu daiteke.

 

Iurretako Udalak urteak daramatza lanean nagusien artean kirola sustatzeko, "kirola eta osasuna bat izan behar direnaren" ustean. Ekimen hau jarduera plan baten jarraipena dela azaldu duten udal arduradunek: "elikadura eta osasuna landu genituen lehenengo, berariazko kirol osasun-azterketak egin genizkien gero gimnasia taldeetako partaideei, Foru Aldundiagaz elkarlanean; eta, oraingo honetan, ditugun parke osasungarriak modu egokian erabiltzen erakutsi gura diegu nagusiei", azaldu dutenez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!