Iurretatik saharar errefuxiatuen kanpamenduetara elkartasuna adierazteko

Anboto 2016ko mar. 8a, 12:14

Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan egon da Itxaso Garamendi zinegotzia, Iurretako Udaleko ordezkari moduan. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) aldarrikapenaren 40. urteurrena ospatzera joan zen bertara, otsailaren 26an. Esperientzia "aberasgarria" izan dela azaldu du, "bai eduki aldetik bai pertsonalki bizi izandakoagatik". Halaxe azaldu du ohar baten bitartez.

"Maroko gobernuaren zapalkuntzari era baketsuan aurre egiten dion "Saharako herriari Iurretaren elkartasuna adierazi zioten, Euskal erakundeetako beste ordezkari batzuekin batera. Era berean, saharar herriari dagokion autodeterminazio eskubidea babestu dute.

Hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan dute bisitaldi horretan, ohar baten bitartez Itxaso Garamendik adierazi duen bezala: "Eusko Jaurlaritzak finantzatutako Saharar Irrati eta Telebista; Saharar Ilargi Gorria (jakien banaketa nola burutzen duten azaldu ziguten); Olof Palme eskola; Aaiuneko itsuen eskola; hirugarren adinekoentzako eguneko unitatea, Berangoko Udalak zuzenean finantzatu eta kudeatzen duena eta Euskal Fondoak finantzatzen duen Aaiuneko mekanika tailerra. Saharar Emakumeen Batasun Nazionaleko (SEBN) idazkari orokorra den Fatma Mehdirekin ere bildu ginen". Bisitaldi guztietan Euskal Herriarekiko saharar herriaren esker ona jaso zutela ere adierazi du.

Garamendik nabarmendu du esperientzia "aberasgarria" izan dela, "bai eduki aldetik bai pertsonalki bizi izandakoagatik. Egoera politikoa dena izanda eta jendearen egoera latza izan arren, saharar herria eskuzabala eta abegikorra da bisitatzen duenarekin". Gaineratu duenez, beraien nortasuna babesteko miresgarria da erakusten duten erresistentzia baketsua, autodeterminaziorako erreferendumaren eta kendutako lurren berreskuratzearen zain dirauten bitartean".

Urteak dira  Iurretako Udalak Euskal Fondoko Sahara Koordinazio Unitatea diruz laguntzen duela; baita laguntza humanitarioko Karabana Solidarioen bidez bidaltzen diren jakien bilketa kanpainetan parte hartzen duela ere; Rio de Oro, Herria edo Hamadako Izarrak bezalako elkarteekin ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!