Kirol instalazioen erabileraren harira, arazoari "errotik heltzea eta konpontzea" eskatu du EH Bilduk

Anboto 2016ko mar. 8a, 10:43

Kirol azpiegituren erabilera dela-eta udalaren partetik "izugarrizko utzikeria" egon dela uste du Iurretako EH Bilduk. Azaldu dutenez, herriko kirol instalazioen erabilera arautzeko inolako ordenantzarik ez dago, "ezta idatzizko hitzarmenik ere ez". Ondorioz ez ditu "sorpresaz harrapatu" Larrakozelai futbol zelaiaren harira herriko kirol talde biren artean sortutako liskarrak.

 

Herriko kirol instalazio guztien erabilera arautuko duen ordenantza "beharrezkoa" dela uste du Iurretako EH Bilduk: "Herriko kirol instalazioak erabilgarri egon behar dira , lehenik, herriko kirol elkarte guztientzat, eta, ondoren, gainontzeko herritar guztientzat. Hainbat kirol instalazio ditu Iurretak: Olaburu pilotalekua, Larrakozelai futbol zelaia, eta Juan Orobiogoitia ikastetxearena den arren udalak kudeatzen duen kiroldegia. Herriko kirol klubek egiten duten lana "errazteko" eta "babesteko" instalazio guztien erabilera arautu behar dela uste du EH Bilduk.

"Arazoari errotik heldu eta konpontzeko" eskatu dio udalari EH Bilduk, "futbol zelaiaren erabileraren harira sortu den liskarra estaltzeko ordenantza 'partxe' bat egiteko tentaldian erori beharrean". Horretarako erabiltzaile ohikoenak diren kluben "adostasuna bilatzeko bideak ireki behar ditu" udalak, gaineratu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!