Kultura, berdintasunaren aldarria zabaltzeko tresna

Anboto 2016ko mar. 7a, 09:14

Martxoaren 8aren harira, egitarau oparoa prestatu dute Iurretan, hilabete osoan zehar hedatuko dena, gainera. Ekitaldirik gehienak kulturalak izango dira; kultura, berdintasunaren aldarria zabaltzeko tresna den seinale.

Dagoeneko martxan dago erakusketa bat, martxoaren 10era arte bisitatu ahalko dena. Emakumeen lege iraultzailea izenekoa da, eta Ibarretxe kultur etxean dago ikusgai. Gaur, Emakumeen Literatur Tailerra  burutuko dute, 18:15ean. Skolastika elkarteko Ainhoa Aldazabalek gidatuko du, eta idazle afrikarrak izango dira ardatz.

Literaturak eguaztenean jarraituko du, hilaren 9an. 10:15ean, irakurketa errazeko tailerra egingo dute, nagusiei bideratuta. Arratsaldean, 18:30ean, Josune Muñozek berbaldia emango du, gaztelaniaz idazten duten euskal idazleen ingurukoa.

12an, afaria
Bestalde, eta azken urteetako ohiturari jarraituta, martxoaren 12an afaria egingo dute, Goiuriko Ikuspegi jatetxean. 21:30ean hasiko da, eta 20:45ean autobusez irtengo dute herrigunetik. Inskripzioa hilaren 9an amaituko da.

Horretaz aparte, martxoan zehar berdintasunagaz lotutako selfien (argazki pertsonalak) lehiaketa egongo da, eta hilaren 8an, pastel lehiaketa ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!