Martxoaren 8a

Milia Morea: Berdintasunaren aldeko 1.609 metro

Anboto 2016ko mar. 4a, 14:18

Lasterketa bat izango da, baina garaipenak ez du garrantzirik edukiko. Ez da inskripziorik egongo, ez dortsalik, ezta sailkapenik ere. Iurretako lehenengo Milia Morean parte-hartzea bultzatuko dute, lehiaren gainetik. Domeka honetarako ipini dute hitzordua, 12:00etan, Goiuria kulturgunearen inguruetan.

Iraia Garcia atleta zornotzarra izango da korrikaldiaren dinamizatzailea. “Parte hartzeko zerbait izango da. Azken finean, aldarrikatzen egongo gara, kausa bat babesten”, esan du Garciak. Zirkuitu bat sortuko dute herrigunean, eta horri hiru buelta ematea izango da zeregina. Kulturgunetik hasita, Zubiaurre, Bixente Kapanaga, Bidebarrieta, Dantzari eta Askondo kaleak zeharkatuko dituzte. Azkenik, kulturgunean amaituko da lasterketa.

Emakume zein gizon
Martxoaren 8ko egitarauaren barruan kokatu dute Milia Morea, eta partaidetza ahalik eta handiena egotea gura dutenez, ez dute mugarik jarriko. Emakumeek bezala, gizonek ere parte hartu ahal izango dute. Gainera, adin guztietarako prestatutako ekimena izango da, Iraia Garciaren arabera. Umeetatik nagusietaraino. “Gizarteak barneratu behar duen zerbait da”, adierazi du atleta zornotzarrak.

Morez jantzita
Etzi, martxoak 6, eguerdiko 12:00etan elkartuko dira korrikalariak, eta antolatzaileek dei berezi bat egin dute: morez jantzita joatea, parekidetasunaren aldeko koloreagaz, hain zuzen ere.

Iurretako korrikalariak
Iaz, Gu Be Bai Runners taldea sortu zuten Iurretan, korrika egitera edo oinez ibiltzera irteten ziren emakumeekin. Proiektu hori ere Iraia Garciaren laguntzaz jaio zen, bera baita begiralea. Azaldu duenez, udaberrian eta udan 25 bat emakume ibili ziren  taldean, eta neguan, eguraldiagatik, kopurua apur bat bajatu arren, laster berriro igoko dela uste du Garciak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!