Euskal hiztun berrien ahalegina aitortu gura du 'Euskaldun berri' parkeak

Anboto 2016ko mar. 3a, 13:33

Euskaldun berri izena jarri  diote Belbi txapa-lantegia bota zuten orubean egokitutako parkeari. Halaxe onartu du gaur goizean udalbatzarrak. Joan zen abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, Jaurlaritzak luzatutako proposamena aintzat hartuta onartu dute izendapena. Hartara, euskal hiztun berriei euskara ikasteko egindako apustua aitortu gura zaie. 

Hizkuntza politikako koordinazio batzordeak, Hakobak, erabakitako proposamena izan zen herrietako toki esanguratsuren bati —kale bat, plaza bat, areto bat...— euskaldun berri izena ematea. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako udalerri guztiei luzatu zieten proposamena. Hakoba batzordean,  honako hauek parte hartzen dute: Eusko Jaurlaritzak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek; eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek. Baita Eudel udalerrien elkarteak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere.

Euskara Sustatzeko Plana

2016-2019 epealdirako herrian Euskaera Sustatzeko Ekintza Planaren barruan jasotako ekimena da hori. Joan zen abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, onartu zuen Iurretako Udalak plan hori, eta aurrera eramateko Euskararen Aholku Batzordearen eta Elhuyar Aholkularitzaren lankidetza eta laguntza izango du Iurretako Udalak. 

Aste honetan egin du lehenengo batzarra Euskara Aholku Batzordeak, urtean zehar martxan jarriko diren ekimenak adosteko eta antolatzeko. Aipatutako Euskaldun berria parkearen izendapena ez eze, merkataritzan eta ostalaritzan eragiteko 'Euskara betibizi' kanpainagaz jarraitzea adostu dute. Baita kirolaren eremuan euskararen erabilera handitzeko kirol elkarteetako ordezkariekin batzarrak egitea ere.

Udaberrian, world kafe metodologia erebilita, ekitaldi berri bat antolatutako dute Dantzari Auzunean. Herritarrak sentsibilizatzeko eta euskera kalera ateratzeko ekimena da hori, jakin eragin dutenez. Azkenik udaleko langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko eta euskara gehiago erabiltzeko, udalak Aldahitz ikerketan partzen hartzen duela gogoratu dute. Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk bideratzen dute ikerketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!