"Inpotentzia handia sentitu nuen kotxea urez beteta ikusi nuenean"

Anboto 2016ko ots. 28a, 20:34

Atzoko euritea ez du berehalakoan ahaztuko Marije Etxaniz iurretarrak. Bere autoa Iurretako tunelean sortu zen putzuan gelditu zitzaion, arrankatu ezinik. Arriskuan egon ez zen arren, susto ederra pasatu zuen. "Autotik irten nintzenean ura gurpilera arte nuen. Kanpoan nengoela hasi zen ura igotzen kotxea estali arte".

"Ez zegoenez seinalerik jarrita putzu bat izango zela pentsatu nuen". Bere aurretik beste kotxe bat ikusi zuen, eta atzetik joan zen. Putzura heltzean autoa gelditu egin zitzaion. "Arrankatzen saiatu nintzen eta ezin. Autotik irten nintzen eta ura gurpil erdira heldu zitzaidan". Garabiari deitzera joan zen Marije. Seguroaren paperen bila joan zenean, susto ederra hartu zuen. "Itzuli nintzenean ura eserlekuetara heldu zen". Ura igotzen hasi zen, eten barik, kotxe osoa estali arte. "Inpotentzia handia sentitu nuen kotxea urez beteta ikusi nuenean". Marijek ez du ulertzen euritea aurreikusita zegoela jakinda, eta errekak nola zeuden ikusita tunela zelan ez zuten lehenago itxi. "Hau pasatzen dela jakinda, espero dut hurrengoan tunela ixtea. Edonori pasa dakioke". Gaur arratsaldean garabiaren laguntzagaz autoa tuneletik atera dute. Urez betea, ez du ematen konpontzeko aukerarik izango duenik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!